Olentzerori eta Mari Domingiri agur birtuala

Lera taldea 2020ko abe. 15a, 12:08

Eusko Jaurlaritza Gabonetarako arauak jakinarazi ditu, eta Lera taldeak gutuna helarazi du Olentzerori eta Mari Domingiri egiten zaion harrerarekin zer gertatuko den azalduz.

Olentzero eta Mari Domingiri Orioko etorrerako harrera prestatzen diegun Sorginok, hilabeteak daramatzagu geure buruari galdezka: aurten nola egin dezakegu gure festa ereduari eutsi eta egoera berriari aurre egiteko?

Euskal Herriko txoko askotan egiten zaie harrera Gabonetako gure pertsonaiei. Urte hauetan, ordea, guk geure modua topatu dugu. Mimoz, ertz bakoitza zaintzen saiatu gara, zailtasunak zailtasun.

Gogoratuko zarete iaz ere plaza ezin erabiliagatik, egoerari aurpegirik onena ateratzen saiatu ginela.

Zergatik bildu ginen Orioko sorginok duela hamar bat urte? Hasiera hartan zein motatako harrera ikusten genuen?

Herritik eta herriarentzat egina zen ospakizuna nahi genuen. Printzipio ezinbestekoa genuen baita ere, herriko pertsona guztientzako izango zen ospakizuna izatea. Leku askotan duen kutsu komertzialetik haratago, errespetuz, euskal kultura transmitituko zuen ospakizun bat nahi genuen. Gure umeek beraien haurtzaroko harrera maitasunez gogora zezatela nahi genuen.

Horretaz gain, euskal mitologia herritarrei gerturatzea ere bagenuen jomuga.

Urte hauetan egin den txingurri lana ikaragarria izan da. Herriko hainbat eta hainbat ate jo ditugu laguntza eske. Eta, beti, salbuespenik gabe, konplizeak topatu ditugu bidean. Horrela, poliki-poliki, Lera Taldea osatzen dugun kuadrilla anitza osatu arte (beti ateak alderik alde zabalduak dituena).

Orduan, aurten zer? Mila aukera pentsatu ditugu. Baina batek berak ere ez ditu baldintza hauek betetzen:

- Haur guztien eskutitzak Olentzero eta Mari Domingirengana iristea

- Pertsona ororentzat izatea (aforo mugarik gabe).

- Mimoz lortutako magiari eustea.

Beraz, gauzak horrela, aurten Olentzero eta Mari Domingiren agurra birtuala izatea erabaki dugu.

Gabonak baino egun batzuk lehenago, Mari Domingik eta Olentzerok mezua bidaliko digute aurten eskutitzak nola jaso nahi dituzten azalduz.

Herriko txoko desberdinetan eskutitzak non jasoko diren ere esango digute.

Nahi duenak edo behar duenak emailez ere bidali ahal izango diete eskutitza leragabonak@gmail.com helbidera. Gaitzaren eboluzioak markatuko ditu Gabon festak. Baina, gauzak ondo bidean, herriko bi ikastetxeetara gerturatzeko asmoa badute Gabon bezperetan. Urtero egin duten modu berean.

Sorginok aurtengoa ere mimoz zainduko dugu. Seguru izan hori!

Zuek zaintzen jarraituko dugu urrutixeagotik bada ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!