Ostiralean eta larunbatean maskarez, txertoaz eta COVID-19ari buruzko datuez solasaldiak egingo dituzte

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 15a, 13:49
Osasuna eta Eskubideak taldeak deituta azaroan egin zuten mobilizazioko irudi bat

Sei adituk hartuko dute parte, baina antolatzaileek etxez etxe banatu duten esku orriko informazioa "ez da zuzena" Osasun Sailak KARKARAri baieztatu dionez. Esku orrietan jartzen du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako osasun sailburua eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia direla ekitaldiko gonbidatuak. Ordea, gonbidapenari "aspaldi" egin zioten uko.

Ostiral eta larunbat arratsalderako solasaldiak prestatu dituzte Osasuna eta Eskubideak, Mizelio Bilbao, Euskadiko Osasun Langileak eta Koroa Biluzik taldeek. Maskarez, txertoez eta COVID-19ari buruzko datuez hitz egingo dute sei adituk Arraunetxen, eta egunotan esku orriak banatu dituzte Orion etxez etxe.

Esku orri horretan agertzen den informazioaren zati bat ez da zuzena, ordea. Izan ere, solaskide eta gonbidatuen artean ageri dira Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia. KARKARAk Osasun Saileko komunikazio sailarekin hitz egin du bi arduradun horien parte hartzea baieztatzeko, eta sailak jakinarazi du ez dutela solasaldian parte hartuko. Antza, aspaldi jaso zuten gonbidapena antolatzaileen partetik, eta aspaldi erantzun zuten ez zutela parte hartuko solasaldian.

Esku orriaren arabera honakoak izango dira hizlariak: Ugo Mayor (biologian doktorea) eta Jon Ander Etxeberria (Euskadiko Biologoen Kolegioko dekanoa) ostiralean izango dira hitzaldia eskaintzen 17:30etik 19:30era, eta Marisa Garcia (farmazialaria), Mari Jose Martinez (prozesu klinikoetan katedraduna) eta Alfonso Longo (industria ingeniaria), larunbatean 16:30etik 20:00etara.

Hitzaldiak bertatik bertara jarraitu ahalko da, baina izena aurrez eman behar da Internetez ondoko loturan. 

Online jarraitzeko aukera ere badago, Scabelum.tv webgunean eta streamingez, Osasuna eta Eskubideak taldeak Youtuben duen kanaletik.

Azaroan kotxe karabana pasa zen Oriotik

Osasuna eta Eskubideak taldeak deituta, kotxe karabana egin zuten azaroan Gipuzkoan zehar, eta pasa ziren Oriotik eta inguruko herrietatik ere. Talde horrek uste du desberdin pentsatzen duten adituen arteko eztabaida zientifikoa "ezinbestekoa" dela koronabirusaren kudeaketa eraginkorra izan dadin, eta horregatik egin zuten mobilizazioa.

Mugimendu horrek, bere webgunean, baieztapen larriak egiten ditu: jartzen du ez sinesteko prentsak esaten duen guztia, eta esaten du egiten ari diren txertoak gure DNA betirako kaltetuko duela, eta iradokitzen du txertoa jartzen duten asko hil egingo direla eta helburu hori duela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!