Beharra duten familien artean banatuko ditu jostailuak Herrio natur taldeak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 17a, 08:36

Ikastolan jostailu nilketa egin dute egunotan. (Orioko Herri Ikastola)

Aurten Jostailuen Truke Azokarik egin ez badute ere, biltegian zituzten jostailuak beharra duten familien artean banatzea erabaki du natur taldeak.

Herrio natur taldeak urtero antolatu ohi Jostailu Truke Azoka Gabonen aurretik, baina aurtengoan ekimena bertan behera uztea erabaki dute, koronabirusa dela eta jende pilaketak saihestu nahi dituztelako eta ez zaielako egokia iruditzen jostailuak esku batetik bestera ibiltzea. Dena dela, azokarik egin ez badute ere, beharra duten familiei eurekin harremanetan jartzeko deia egin diete. "Herrio taldearen lokalean hainbat jostailu genituen egoera onean, iazko bilketatik sobratutakoak. Pentsatu genuen jostailu horien beharra duten familiak izan daitezkeela herrian eta horiei jostailuak eskuratzeko aukera eskaintzea izan da helburua", azaldu dute elkarteko kideek.

Gainera, azaldu dute herriko eskolen bidez urtero bideratzen dituztela jostailuak beharra duten familietara. "Bestalde, soberan gelditzen diren jostailuak Saharara zein Gurutze Gorrira eman izan ditugu aurreko urteetan. Udaleko Gizarte zerbitzuen bidez ere bideratzen saiatu izan gara, baina bide horrek ez du fruiturik eman".

Herri mailako bilketa egin ez badute ere, Orioko Herri Ikastolak egin du jostailu bilketa hezkuntza komunitatea osatzen duten familien artean. Astelehenean eta asteartean entregatu zituzten ikastolako kideek egoera onean zeuden jostailuak ikastolako zuzendaritzan, eta orain berrogeialdian izango dituzte Herrio taldeko kideek, beharra duten familien artean banatu aurretik.