Elkarretaratzea egingo dute larunbatean Orioko udaletxe aurrean, 'Demokrazia' lelopean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 17a, 10:50

Bateragune auziko auzipetuak. (Facebook ELA)

Bateragune auziko epaiketa berriz egitea "oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa" dela ulertzen dute alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik.

Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean erabaki zuen berriro egitea Bateragune auziko epaiketa. Erabaki horren aurrean, mobilizatzera deitu dituzte herritarrak alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik, Demokrazia lelopean. Hala, elkarretaratzea egingo dute Orion, larunbatean, 12:00etan, udaletxe aurrean.

Honako hauek dira deialdia egin duten eragileak: ELA, LAB, Steilas, ESK, Ahal Dugu, Ezker Anitza, EH Bildu, Nafarroako Ezker Batua, EH Bai, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat. Espainiako Auzitegi Gorenak hartu duen erabakia "oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa" dela ulertzen dute.