Kepa Loidi harategiak santomasetako txistorra txapelketa irabazi du laugarrenez

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 20a, 15:30

Miren Loidik jaso zuen saria ostiralean Basque Culinary Centerren. (Utzitakoa)

Euskal Herriko 23 ekoizle lehiatu ziren joan den ostiralean Donostiako Basque Culinary Centeren. Epaimahaiak Orioko Kepa Loidi harategiari eman zion txistorra onenaren saria. 

Beste behin ere Kepa Loidi harategiak irabazi du Euskal Herriko XXV. Txistorra Txapelketa. Urtero santomasen bueltan egiten da txapelketa; aurtengoan, Donostiako Basque Culinary Centeren egin dute, eta ezin izan dira ekoizleak bertan egon. 

Guztira, Euskal Herriko 23 ekoizle lehiatu ziren, eta Joxe Mari Aizegak, Elena Arzakek, Pedro Subijanak, Amaia Ortuzarrek eta Xabier Zabaletak osatutako epaimahaiak ebatzi zuen lehen saria Orioko harategiari ematea. Txapela eta 500 euroko ordainsaria jaso ditu harategiak. Duela hilabete zendu zen Kepa Loidi, eta bere alaba Ainhoak dio pozez eta ilusioz jaso dutela sari hau. "Omenaldi gisa jaso dugu, berak urteotan guztiotan egindako lanaren errekonozimendu gisa", dio Ainhoak. 

Osagaien kalitatea eta freskotasuna zaintzen dituzte bereziki Kepa Loidi harategian, eta "zaporeen orekan" jartzen dute arreta. Epaimahaiak hainbat alderdi izan ditu kontuan. Nahasketaren gantz kopurua, hesteen kalitatea eta produktuaren freskotasuna dira horietako batzuk. Elena Arzak epaimahaiko kideak, bere aldetik, aurkeztutako produktuen kalitatea nabarmendu zuen. Bigarren sailkatu zen Olaztiko Pako harategia, eta hirugarren Tuterako Leframa. 

Kepa Loidi harategiak lau aldiz irabazi du Euskal Herriko txistorra lehiaketa, azkena, 2012an. Espainia mailako Meat Attraction harakintza azokan ere hirugarren postua eskuratu zuen duela bi urte.