"Omenaldi gisa jaso dugu garaipena, aitak urte hauetan guztietan egindako lanaren errekonozimendua izan da"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 21a, 13:49

Ainhoa Loidi.

Kepa Loidi harategiak irabazi du Euskal Herriko XXV. Txistorra Txapelketa. Txapelketan lehen saria lortzen duten laugarren aldia izan da aurtengoa.

AINHOA LOIDI - Harakina

Txapelketa berezia izan al da aurrekoekin alderatuta?
Bai, aita galdu genuenetik hilabete pasa da, eta berezia izan da Euskal Herriko Txistorra Txapelketa irabaztea. Sentipen gazi-gozoak izan ditugu, ordea. Alde batetik, tristura eman digu aita falta delako eta hutsune handia utzi duelako; hari txapelketek bizitzeko poza ematen zioten, gainera. Bestetik, poza eman digu txapelketa garrantzitsua irabazteak; ikusi dugu talde bezala txapelketak ere irabaz ditzakegula. Omenaldi gisa jaso dugu garaipena, aitak urte hauetan guztietan egindako lanaren errekonozimendua bezala. Aitari egin geniezaiokeen omenaldirik politena izan da.

Zuk hartu al duzu taldearen gidaritza?
Ni beti egon izan naiz aitaren ondoan, harengandik ikasten; hogei urtetik gora egin ditut aitarekin lanean. Aita gaixo jarri zenean, ordea, nik hartu nuen taldearen gidaritza; hemen izaten zen beti laguntzeko prest, baina erreleboa pasa zidan. Aitak beti erakutsi zidan bakarrik lanean ezin direla gauzak lortu, eta oso garrantzitsua dela talde lana egitea. Aurrerantzean ere, filosofia berarekin jarraitzea da gure asmoa.

Zer balio erakutsi dizkizu aitak?
Lana egin gabe ezin dira helburuak lortu. Gure aitak ikasteko eta hobetzeko grina izan zuen beti, eta beti esaten zuen egunero zerbait ikasten dela. Gauza berriak egitea ere asko gustatzen zitzaion, eta horretan jarraituko dugu. Horrez gain, taldearen garrantzia ere azpimarratzen zuen, eta lan taldean giro ona izatea asko baloratzen zuen; uste zuen taldea ondo egonez gero, gauzak errazago eta hobeto egiten zirela.