Bide berriak istorio zaharrenetatik

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 22a, 18:39

(Aritz Mutiozabal)

Duela 30 urte munduratutako bi istorio dira Anjel Lertxundik kaleratutako azkeneko bi narrazioen euskarriak. Egileak dio haurren nahiz helduen gozamenerako behar luketela izan narrazio horiek, eta desira horrekin sortu ditu bi lanak, Zakarruko eta Donostian elefanteak ikusi zirenekoa.

Bi ipuin ilustratu eman ditu argitara Anjel Lertxundik: Donostian elefanteak ikusi zirenekoa eta Zakarruko, Antton Olariagaren marrazkiek apainduta. Pikotxean saila jarri berri du martxan Erein argitaletxeak, eta bilduma horretako aurreneko lau lanak dira Lertxundiren bi narrazioak eta Inazio Mujikaren Hans eta igela eta Ez apuratu. Lertxundiren ikasle ohia izandakoa da Mujika, eta hark bultzatuta ekin zion oriotarrak orain esku artean dituen bi lan berriak sortzeari, duela 30 urte inguru idatzitako bi ipuin labur abiapuntutzat hartuta.

Kontakizun horiek "garatzea eta beste formatu batean lantzea" egingarria zela begietsita, bi narrazioak ontzeko lanei heldu zien Lertxundik, aspaldiko istorio horietatik bidea hartuta. "Beti ematen du nagikeria pixka bat testu zaharrak lantzeak, baina testu maitatuak badira, akuilu ere badira", adierazi du.

Orain dela hiru hamarkada inguru, beste ipuin batzuekin batera kaleratu zituen Donostian elefanteak ikusi zirenekoa eta Zakarruko; "orain, ordea, ibilbidea bakarka egiteko moduan dira", dio idazleak. Azaldu duenez, "istorio edo flash batek" hiru galga izan ditzake: "Ipuina izan daiteke lehenik eta behin, narrazio bilaka daiteke garapen zabalagoa izanez gero, eta eleberria izan daiteke azkenik". Lertxundiren esanetan, argitaratu berri dituen bi lanak hasiera batean ipuinak baziren ere, harago laboratu eta narrazio modura plazaratu ditu oraingoan. "Oinarriko ideia ona bada, zer nolako egitura izango duen ikusi eta erabaki beharra dago", iritzi dio.

Ume eta helduak

Haurrentzako idatzita egon arren, Lertxundik uste du "helduentzako ere balio behar dutela" narrazioek: "Oinarrian dagoena literaturaren gozamena bada, haur nahiz helduek disfrutatu beharko lituzkete. Helduentzako gozamenik ez duten ipuinekin... Kontuz!".