TraK Physio: fisioterapiari 360 graduko bira bat

Intza Unanue Arruabarrena 2020ko abe. 23a, 10:36

Inteligentzia artifiziala eta sakelako telefono kamera erabiliz fisioterapia errehabilitazioa ahalbidetzen duen plataforma berritzailea sortu dute, ariketak identifikatu eta zuzenketak azaltzeko. 

Fisioterapia pazienteen errehabilitazioa bermatzeko TraK Physio plataforma sortu du Karlos Rodrigez-Sierra oriotarrak Jon Vital irundarrarekin batera. Inteligentzia artifizialaren bidez garatu duten softwareak, ordenagailuko zein sakelako telefonoko kamerari esker, pazientearen errehabilitazio ariketak identifikatu eta zuzenketak azaltzen ditu.

Beharrak bultzatuta

Ideia konfinamendu garaian sortu zitzaien LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) gradua ikasten dabiltzan bi gazteei, irundarraren aita besoan zuen lesioa ezin tratatu geratu zenean. Rodriguez-Sierraren arabera, «paziente ugari egoera berean» zegoela konturatu ziren: «Fisioterapia saioetara joan ezin zutenez, errekuperazioa moztu zitzaien askori eta ez genuen ikusten etxean errehabilitatzeko soluziorik merkatuan». Izan ere, orain arte fisioterapia ariketak azaltzen dituzten bideo ugari egin direla dio oriotarrak, ez ordea, zuzenketak jakinarazten dituen programarik. 

Horrela, proiektuari eutsi eta hilabete gutxiren baitan garatu zuten fisioterapiari 360 graduko bira eman dion produktua. Algoritmoa sortuta, azaroaren 16an atera zuten lehenengo bertsioa. Ikusgarri eta erabilgarri dago demoa webgune ofizialean: www.trak.es.

Orduz geroztik, hogeita hamar  klinikatan ari dira erremintarekin lanean. «Garrantzitsuak ari dira izaten hilabete hauek, gure lana frogatu eta feedbacka jasotzeko. Ondoren, hobetu eta komertzializatu ahal izateko». 

Perfekzioa bilatu nahian

Erabiltzaileen oniritzia jasotzea izan da azken hilabeteotan sortzaileen helburua, eta gustura daude entzundakoarekin. «Oso positiboa ari da izaten frogaren emaitza, gure teknologiak asko inpresionatu ditu profesionalak». Hala ere, garatzen jarraitzeko hainbat puntu daudela ikusi dute, eta hobetzeko lanean jarraitzea da orain xedea. Produktuaren demoa «berde xamar» zegoela kaleratu zuten, eta argi zuten aldaketak beharko zituela, «hobekuntza horien garapena lehenentsi eta funtzionalitate berriak begiratzen» jardungo dira datozen hilabeteetan. 

Azken hilabeteotan bezala, Balentzian jarraituko dute bi sortzaileek, startup bat izanik hainbat enpresen sustapena jasotzen ari baitira, Lanzadera eta Aipower enpresak kasu. 

Komertzializatzeko bidean

Aurreikusi dutenez, otsaila erdialdean komertzializatuko dute proiektua, baina argi adierazi dute beraien helburua ez dela fisioterapeutak ordezkatzea, «haien lanaren osagarri» izan nahi dute. Horrela, fisioterapia klinikei lizentzia saltzea izango da hurrengo pausua. Hilabetero tasa bat ordaindu beharko dute softwarea erabili ahal izateko. Hiru-lau hilabeteren ostean, dena ondo bidean, ospitaletan probatzen hasi nahi dute aplikazioa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!