"Ematen duguna baino gehiago jasotzen dugu beltan, jendeak asko eskertzen baitu egiten dugun lana"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 26a, 16:18
Enrique Sanchez gaur goizean Gurutze Gorriak Zarauzko itsas pasealekuan jarri duen postuan.

Gurutze Gorriko boluntarioek jostailu bilketa egin dute Zarautzen, beharra duten familien artean banatzeko, eta kanpainaren arduraduna da Enrique Sanchez (Zarautz, 1967) oriotarra.

COVID-19a dela eta, urte arraroa izan da aurtengoa, Gurutze Gorrian aldaketarik antzeman al duzue?
Ezkutuko lan handia egin du aurten Gurutze Gorriak, eta herritarrek eskertzen dutela uste dut. Adineko jende asko pandemiarekin oso kezkatuta dago; telefonoz deitzen diegu zer moduz dauden galdetzeko, eta beren etxeetara ere joaten gara behar dutenean laguntzera edo janaria eramatera. Bestetik, Caritasekin elkarlanean, janaria banatzen dugu beharra duten familien artean, orain arte ehun tona inguru banatu ditugu. Lan handia da, baina guztiz beharrezkoa. Nik 36 urte daramatzat Gurutze Gorrian boluntario gisa lanean, eta azpimarratu nahi nuke ematen duguna baino gehiago jasotzen dugula bueltan, jendeak asko eskertzen baitu egiten dugun boluntario lana.

Zer moduz joan da aurtengo jostailu bilketa?
Gustura gaude aurtengo jostailu bilketarekin. Jostailu berriak eskatu genituen, beharra duten familietako haurrei emateko, eta herritarrek oso ondo erantzun dute. Ekarri dizkiguten ia jostailu denak berriak dira eta plastiko eta guzti ekarri dizkigute; bigarren eskukoren bat ere entregatu digute, baina erabili gabea. Guk jostailu horiek Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean bideratuko ditugu familiengana.

Zenbat egunetan egin duzue bilketa?
Bi larunbatetan postua jarri dugu itsas pasealekuan; toki ona iruditzen zaigu bertatik pasatzen den jende guztiak ikus gaitzakeelako. Gaur, esaterako, azken eguna izan da, eta jostailuez gain, jende askok dirua eman digu, guk jostailuak erosi ditzagun. Gustura gaude ekimena izaten ari den harrerarekin.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!