Oriok irabazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gabonetako Argien V. Lehiaketa

Karkara 2020ko abe. 28a, 13:40

15.000 euroko sari ekonomikoa eta irabazle diploma eskuratu ditu herriak argi berriei esker. "Originaltasuna" eta "itsas kutsua" izan dira saritua izateko arrazoi nagusiak.

Albiste hau atzoko egunez (abenduak 28) asmatutakoa da.


Orioko Gabonetako argiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gabonetako Argien V. Lehiaketa irabazi dute. 2015. urtean jarri zuten martxan txapelketa, Gabonak apaindu eta herritarrak alaitzeko helburuarekin. Aurtengoa da Oriok irabazten duen lehena.

Atzo, abenduak 27 izan zen sari banaketa, COVID-19aren egoera dela eta ezin izan zuten era presentzialean egin ekitaldia azken urteetan bezala, horregatik, streaming bidez eman zuten irabazleen berri. Sariaren irabazle atera dela erakusten duen diploma eman zioten Orioko herriari, jada jarri dute udaletxeko Udalbatzarren aretoan, bestetik 15.000ko diru laguntza jasoko du Udalak, argietan egindako inbertsioan laguntzeko.

Originaltasuna nagusi

Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura teknikariak sari-banaketa ekitaldian azaldu zuenez, Orioko gabonetako argiak "berritzaileak eta originalak" izateagatik lortu dute lehen postua: "Orio herri arrantzalea izanik, Eusko Gudari kaleko eta Herriko plazako arrain formako argiek, herriari itsas kutsua ematea lortu dute". Horrez gain, itsasontziei jarritako sare argidunak ere aipatu zituzten, "inon ikusi ez diren" apaingarriak direla azalduz.

Lehenengo sariaz gain bigarren eta hirugarren postuak ere izendatu zituzten, nahiz eta azken hauek ez duten sari ekonomikorik jasoko. Orioren atzetik geratu zen Errezil "sinpletasuna" izan zen saritu zutena. Hirugarren postuan berriz, Beasain izan zen, pasa den urteko irabazlea. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!