Erregeen gutunak jasotzeko bitartekari lanak egingo ditu aurten Txurrumuski aisialdi elkarteak. Gutun baten bidez azaldu dutenez, aurtengo egoera arraroa dela eta, "Meltxor, Gaspar eta Baltasar" taldearekin jarri dira kontaktuan "laguntza eskatzeko". "Dakizuenez, Erregeak nahiko helduak dira dagoeneko eta, ahalik eta segurtasun gehiena izateko, aurten guk emango dizkiegu zuen eskutitzak" azaldu dute Txurrumuskiko kideek.

Herriko haurrek urtarrilaren 3tik 5era (biak barne) izango dute aukera gutunak Txurrumuskiko kideei emateko, herriko frontoian. Hauxe izango da egun horietarako ordutegia:

  • Urtarrilak 3, igandea: 11:30etik 19:00etara
  • Urtarrilak 4, astelehena: 11:30etik 19:00etara
  • Urtarrilak 5, asteartea: 10:30etik 12:30era

Gainera, azpimarratu dute bizi dugun egoera dela eta, "beharrezko segurtasun-neurri guztiak" hartuko dituztela, eta arren eskatzen dute "horiek errespetatzea". Egun hauek era seguruan igarotzeko frontoian bertan gutunak botatzeko postontzi bat jarriko dute, horrez gain, urte berriko desioak panel handi batean idazteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Kabalgata birtuala egingo da aurten

Gutunak Erregeengana iristeko aukeraz gain, kabalgata birtualki ikusteko aukera ere izango da. Eguerdiko 13:00etan, Bizarzuri ikusteko aukera izango da, eta, 19:00etan, berriz, Erregeen kabalgata ikustekoa. Bi ekitaldiak orio.eus atarian, eta hemen, karkara.eus webgunean ikusteko aukera izango dute herritarrek, sare sozialetan ere zabalduko dira bi emanaldiak.