Udaltzainek identifikatu egin dituztela salatu dute Xaltxerek sare sozialetan

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 31a, 17:25

Xaltxerak taldeak adierazpenarekin batera jarritako argazkia Facebookeko bere orrian

Orioko talde feministak esan duenez, atzo gauean pankarta bat jartzen ari ziren taldeko kide batzuk herrian, eta udaltzainek identifikatu egin zituzten. Salatu dute beste pankarta bat jarri zutela Gabon gau bezperan zubiko barandan, "2020an Euskal Herrian gizonezkoek eraildako emakumezkoen izenekin", eta hurrengo goizean ez zegoela. "Zer pentsatu ematen digu herritar batzuei emakumeon errealitateak sortzen dien deserosotasun biolento honek".

Xaltxerak talde feministak Facebook-eko bere kontuan salatu du atzo gauean udaltzainek identifikatu egin zituztela pankarta bat jarri nahian ari zirenean, eta Gabon gau bezperan zubiko barandan jarritako beste bat falta zela hurrengo egunean. "2020an Euskal Herrian gizonezkoek eraildako emakumeen izenekin egindako pankarta zintzilikatu genuen Aterpe tabernatik ikusten zela, eta hurrengo goizean ez zegoen pankartarik. Atzo gauean, beste pankarta bat jartzen ari ginela udaltzainek identifikatu egin gintuzten... Zer pentsatu ematen digu herritar batzuei emakumeon errealitateak sortzen dien deserosotasun biolento honek", esan dute.

Taldeak argi esan du pentsatzen duena: "Feminismoa ez da ekintza kriminala. Kriminala, feminizidioak eta horrelako muturreko egoerak ahalbidetzen dituen egitura patriarkal guztia da".

Salatzen jarraituko dutela esan dute, eta 2020an Euskal Herrian izandako erailketa matxisten biktimen izenak gogoratu dituzte sarean: "Paola Mendez Uranga, aitak; Miren Uranga, bikotekideak; 74 urte emakume bat, semeak; 83 urteko emakume bat, bikotekideak".

Talde feministak udaltzainak aipatu arren, oraingoz udalak ez du adierazpen publikorik egin gaiaren inguruan.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!