Nekeak erasandako piraguista bati lehorrera iristen lagundu behar izan diote

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 3a, 14:56

Piraguistari lagundu dion ontzia, eta hari lotuta, kayaka, kirol portura bidean

Gipuzkoako Gurutze Gorriak jakitera eman duenez, larrialdi zerbitzuen deia jaso dute Getarian, eta handik laguntzera abiatu dira Oriora, baina beraiek iritsi aurretik ontzi batek eraman du kirol portura piraguista. Suhiltzaileak eta ertzainak ere bertaratu dira.

Eguerdian mugimendu handia sumatu dute herritarrek kanpoko barran. Suhiltzaileen kamioiak eta ertzainen autoak ikus zitezkeen bertan. Getariako portutik Gurutze Gorrikoak ere joan dira itsasoz. Azken horiek azaldu dutenez, piraguista bat zegoen uretan nekeak jota, eta laguntza behar zuen lehorreratzeko.

Ordea, beraiek iritsi aurretik ontzi batek lagundu dio kayakean zegoen piraguistari kirol portura iristen, kayaka ontzira lotuta. Anbulantzia ere bertaratu da.