Uretara erori den parapente-zale bat erreskatatu dute Antilla hondartzan

IƱigo Gaiton 2021ko urt. 10a, 16:34

15:30ak aldera gertatu da ezbeharra, parapente-zalea harrobi aldean itsasora erori denean. Herriko surflari baten laguntzarekin atera da lehorrera.

Ezbeharra izan da Antilla hondartzan arratsaldeko hiru eta erdiak aldera. Hondartza inguruan lur hartzeko asmoarekin zebilen parapente-zale bat uretara erori da, harrobi aldean, ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko. Erori eta gero, uretara bidean zen herriko surflari bati oihuak egin dizkiote talaiatik, abisua emanez, eta hura joan da erreskatea egitera.

Surflariak azaldu duenez, parapente-zaleak zailtasun handiak zituen uretatik ateratzeko, hankak-eta sokekin bueltan hartuak zituelako. Pixkanaka, surflaria eta parapente-zalea urizkinera hurreratu dira, eta, han, surflari eta jende gehiagoren laguntzarekin, lehorrera ateratzea lortu dute.

Han zirenek azaldutakoaren arabera, ezbeharra izan duen pertsonak ez du lesiorik izan, baina hotzak akabatzen lehorreratu da, uretan 10-15 minutu egin dituelako. Anbulantzian sartu dute gero, gorputzaren tenperatura errekuperatzeko.

Argazkiak: Iñigo Gaiton

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!