Zerbitzu berriak jarri ditu martxan Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko urt. 16a, 10:44
Orioko Kultur Etxeko lehen solairuan dago Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskola.

Bulego ordutegia zabaldu du ahalduntze eskolak eta aurrerantzean honako ordutegian izango da irekita: astelehenetan 16:00etatik 20:00etara,  asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara eta ostiraletan 16:00etatik 20:00etara. Horrez gain, datozen hilabeteetarako ikastaroak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte.

Urtea indarberrituta hasi du Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak. Urtarrilaren 11n ireki zituen berriro ateak, Gabonetako atsedenaldiaren ondoren, eta ordutegi zabalagoa izateaz gain, zerbitzu berriak ere eskainiko dituela jakinarazi dute arduradunek. Alde batetik, Garazi Pagola Ugarte eta Macarena Mujika Urbistondo abokatuek aholkularitza juridikoa eskainiko diote emakumeei. Hilean hiru orduko saio bana egingo dute eta hainbat gairen inguruko aholkularitza eskainiko dute: dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, laguntza sozialak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, diskriminazioa, etxeko langileen kaleratzea eta beste hainbat gai. Orioko Ahalduntze Eskolako bulegoan bertan bilduko dira abokatuak emakumeekin, eta horretarako egunak zehaztu dituzte dagoeneko: urtarrilak 25, otsailak 22, martxoak 29. Abokatuekin hitzordua hartu nahi duten andreek ahalduntze eskolako bulegoan izango dute horretarako aukera.

Bestetik, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei bidelaguntza eta aholkularitza zerbitzua ere eskainiko diete Orioko Ahalduntze Eskolako teknikariek. Hala, egoera horretan aurkitzen diren emakumeei arreta pertsonalizatua eskainiko diete; bakoitzaren beharrak aztertu eta erakunde publiko desberdinetara bideratuko dituzte eta harremanetan jarriko dituzte parekidetasunarekin lotutako erakunde, elkarte eta zerbitzuekin, indarkeria egoerari erantzuna koordinatua eman ahal izateko. Zerbitzu hau Ahalduntze Eskolaren bulego ordutegian eskainiko da, elebitan: astelehenetan 16:00etatik 20:00etara,  asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara eta ostiraletan 16:00etatik 20:00etara, eta hitzordua hartu beharko da aldez aurretik.

Ikastaroak eta hitzaldiak

Datozen hiru hilabeteetarako ikastaro eta hitzaldi sorta ere antolatu du Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak.

Ikastaroak
- Chi Kung Yin Tao: Estresa bizi-pozean eta ongizatean bihurtzeko ikastaroa izango da. Gorputz praktika taoista erraz batzuen bitartez, artikulazioak malgutu,  tendoiak arindu, emozioak baretu eta sexu-energia, libidoa, berpiztuko dira. Ordu erdiko lau saio egingo dituzte Tamara Arroyo Ramadaren gidaritzapean. Salatxo aretoan izango da, 18:30etik 20:00etara, otsailaren 11n eta 25ean eta martxoaren 11n eta 28an. Izen-emateko epea irekita izango da otsailaren 5era arte, eta ikastaroak 20 euroko prezioa izango du.

- Ahalduntze digitala: COVID-19ak sortutako egoerak harremantzeko modu berriak ireki ditu eta teknologia berriek garrantzi handia hartu dute herritarren egunerokoan. Horregatik, emakume helduei telefono mugikorra eta teknologia berriak hobeto ezagutzeko aukera eskaini nahi diete ikastaroarekin, baliabide horiei beldurra galtzeko eta erabilera sustatzeko. Bi orduko lau saio izango ditu ikastaroak, eta otsailaren 3an, 10ean, 17an eta 24a izango da, 16:00etatik 18:00etara, Salatxo aretoan. Ahalduntze eskolako arduradunek gidatuko dute saioa, eta elebitan izango da. Ikastaroa doakoa da eta urtarrilaren 29ra bitartean eman daiteke izena.

- Noka ikastaroa: Ahalduntze eskolako kideen hitzetan, nokak badu "garrantzia" emakumeen ahalduntze esparruan, erregistro egokia iruditzen zaielako "emakumeen arteko konplizitatea sustatzeko eta gizon-emakumeen arteko harreman horizontalak erakintzen laguntzeko". Horregatik, iaz bezala, aurten ere nola ikastaroa antolatu du ahalduntze eskolak. AEKak gidatuta, bi orduko bost saio egingo dituzte Orioko Kultur Etxeko areto nagusian, 17:30etik 19:30era, otsailaren 19an eta 26an, eta martxoaren 5ean, 12an era 26an. Bertan parte hartzeko izena eman behar da otsailaren 12ra bitartean, eta 20 euroko prezioa izango du ikastaroak.

- Indarkeria kasuen aurrean zein salaketa eta defentsa aukera ditugu?: Formazio horren bitartez emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu judizialetan sortzen diren gatazken eta ondorioen inguruko ezagutza landuko da, Garazi Pagola Ugarte eta Macarena Mujika Urbistondo abokatuen eskutik. Oinarri teoriko batetik abiatuta kasu praktikoak komentatuko dira, normalean arrotza den epaitegietako egunerokotasuna herritarrei gerturatuz. Otsailaren 3an izango da 17:00etatik 20:00etara, Orioko Kultur Etxeko areto nagusian. Interesa dutenek izena eman beharko da urtarrilaren 29a baino lehen.

Hitzaldiak
- Apal Morearen aurkezpena egingo dute urtarrilaren 25ean (euskaraz) eta 27an (gaztelaniaz), 18:00etatik 19:30era. Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak Apal Morea jarri zuen martxan liburutegiarekin elkarlanean, ikuspegi kritiko eta feminista bat izateko herritarrei baliabideak eskaintzeko asmoz. Hala, urtarrileko aurkezpen saioetan Apal Morean dauden liburuen inguruko informazioa emango diete gaiarekin interesa duten herritarrei. COVID-19a dela eta, edukiera mugatua izango denez, aurkezpenetan parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik izena eman beharko dute.

- Martxoaren 18an, Arrazismoa eta xenofobia gure inguruan hitzaldia eskainiko du Tarana Karim emakume migratzaile eta aktibista feministak, 18:00etatik 19:30era, Orioko Kultur Etxeko areto nagusian. Jarrera arrazistek elkarbizitzan sortzen duten kalteaz eta gizarte osoaren artean egin behar den elkarlanari buruz hitz egingo du. Hitzaldian parte hartu nahi dutenek izen-emateko epea zabalik izango dute martxoaren 15era bitartean.

- Martxoak 30ean, Zaintza lanen duintzea hitzaldia eskainiko dute Maitelan Kooperatibako kideek. Alde batetik, zaintza lanetan dabiltzan langileen egoera aztertuko dute, eta bestetik, Maitelan Kooperatibako proiektua azalduko dute. Izan ere, sustatzaileen esanetan, "zaintza kooperatiba integrala da eta zaintza sektorearen eraldaketa eta duintasun tresna izatea du helburu". Martxoaren 25era bitartean irekita egongo da izena emateko aukera.

Harremanetarako

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolarekin harremanetan jarri nahi duten emakumeek horretarako aukera dute Orioko Kultur Etxeko lehenengo solairuan kokatuta dagoen bulegora agertuta,  623 178 553 telefono zenbakira deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus e-postara idatzita.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!