ALDIZKARIA

"Pisua parametro subjektiboa da, ez zait egokia iruditzen osasuntsu egoteko helburu gisa zenbaki bat ezartzea"

Idoia San Sebastian Korta - Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko urt. 22a, 11:18

Gabonak pasa ondoren, urte berriko helburu gisa batek baino gehiagok erabakiko du dietan jartzea nahiz kirola egiten hastea;  beste askok, berriz, urte guztian zehar zaintzen dute jaten dutena. Elikadura gizartean interesa sortzen duen gaia da, eta horren bueltan sortzen diren joera eta uste okerrak argitu ditu Leire Izagirre Urkizuk (Orio, 1998). Basque Culinary Centre-n, Nafarroako Unibertsitatean zein Bruselako International Dairy Federation elkartean aritua da lanean.     

Dietetika eta Nutrizioa ikasi zenuen unibertsitatean. Ordutik zein izan da zure ibilbidea?

Gaur egun, gehienetan nutrizionistok kontsulta pribatu batean lan egiten dugula uste du jendeak. Dena dela, nutrizioarena eremu horretatik harago dagoen esparrua da. Nutrizioaren zientzian oinarritzen garen osasun arloko profesionalak gara, eta arlo askotan lan egin dezakegu. Nik neuk, esaterako, adar desberdinak ezagutu ditut. Hala, Basque Culinary Centre-eko Osasun eta Gastronomia sailean eta Nafarroako Unibertsitateko Bromatologia saileko laborategian prozesu zientifikoaren eta literatura zientifikoaren arloan lan egiteko aukera izan nuen. Bietan eman zidaten aukera ikerketaren atzean dagoen lana ezagutzeko; nutrizioaren alderdi hori, esaterako, nahiko ezezaguna da.

Bestalde, Bruselako International Dairy Federation elkartearen Nutrizio eta Osasun Aholkularitza Sailean ere jardun nuen; osasun publikoa lantzen zen, zientzia oinarritzat hartuta. Lan horrek eman zidan aukera ezagutzeko nola itzultzen den ebidentzia zientifikoa gizartera. Osasun publikoa kontzeptu nahasgarria izan daiteke batzuetan, eta argitu nahi nuke adibide baten bidez. Eusko Jaurlaritzak gizarte osoarentzat ematen dituen elikadura gomendioak osasun publikoaren barruan egindakoak lirateke, gizarte osoaren osasuna hobetzeko helburuarekin ematen direlako.

Zer helburu du zehazki International Dairy Federation erakundeak?

Nazioartean esnearen eta esnekien gaia jorratzen duen erakundea da. Zientzian oinarrituta, esneak eta esnekiek osasunean eta gizartean duten eragina aztertzen ditu, eta hainbat ikerketa egiten ditu arlo horretan gertatzen diren kontsumo ohituren inguruan. Ikerketa horien guztien helburua da kontsumo gomendioak eta proposamenak egitea, etorkizunean osasun publikoa hobetzeko.

Gaur egun, elikadura beganoaren eta begetarianoaren inguruko masterra egiten ari zara. Elikadura mota horien inguruan badaude hainbat aurreiritzi. Posible al da osasuntsu egotea haragirik jan gabe?

Elikaduraz hitz egiterakoan, elikadura begetarianoaz dihardugu. Beganismoa, berriz, bizi estilo bat da: bizitzako hainbat arlotan animalien ongizatea aintzat hartzea du helburu. Zientziak esaten du posible dela osasuntsu egotea elikadura begetarianoa edukita. Argi izan behar dugu ez dagoela osasuntsu egoteko ezinbestean kontsumitu behar dugun jakirik. Elikagai taldeak dira beharrezkoak: proteinak, karbohidratoak, lipidoak, bitaminak eta mineralak. Haragirik, arrainik, arraultzik, esnekirik eta eztirik jan gabe osasuntsu egon gaitezke, baina horretarako elikadura begetarianoak ondo antolatuta egon behar du, eta ezinbestean B12 bitamina gehigarria hartu behar da, osagarri modura.

Zer kasutan, eta zertarako erabil daitezke elikadura gehigarriak?

Elikadura gehigarriak elikadura osasuntsu bat osatzeko erabil daitezke, gehigarri gisa. Beraz, garrantzitsua da lehenbizi osasuntsu elikatzea. Hala, kasu batzuetan gerta liteke jakien bitartez soilik gure beharrak ez asetzea, eta orduan kontsumitzen dira elikadura gehigarriak. Dena den, orokorrean elikadura osasuntsu bat jarraituz gero, gehigarriak ez dira beharrezkoak, eta ezinbestekoa da edozein gehigarri kontsumitzen hasi aurretik medikuarekin edo nutrizionista batekin hitz egitea.

Zer gehigarri mota kontsumitzen da gehien?

Normalean mineralak edota bitamina gehigarriak kontsumitzen dira, horien urritasuna edo defizita izateko arriskua dagoenean. Besteak beste, lehen aipatu dudan B12 bitamina (begetariano zein beganoetan ezinbestekoa), D bitamina (eguzki gutxiko sasoietan eta adineko pertsonetan batez ere), azido folikoa edo B9 bitamina (haurdunaldian gehienbat) eta burdina aipatu daitezke.

Gaiz aldatuz: egunean zenbat aldiz jan behar da osasuntsu egoteko?

Egunean egiten den otordu kopurua pertsona bakoitzaren beharren araberakoa da; norberaren errutina, bizi-ohitura eta gustuen araberakoa. Ez dago osasuntsu bizitzeko bide bakarra, norberak ezagutzen du bere burua ondoen, eta horren arabera hartu beharko ditu osasuntsu egoten lagunduko dioten erabakiak.

Gaur egungo gizartean elkarren artean oso bestelakoak diren bi joera daude. Alde batetik, ultraprozesatuak eskaintzen dituen industria gero eta indartsuagoa da, baina era berean, osasuntsu egotearen mezua zabaltzen da gizartean. 

Kontraesankorra da. Industriak kontsumitzaileen beharrei erantzuten die, eta argi dago ultraprozesatuen eskaerak gora egin duela. Era berean, dietaren kulturan guztiz murgilduta gaude. Horrek erakusten du sisteman zerbait gaizki dagoela, eta jendea horretaz jabetzea garrantzitsua iruditzen zait.

Etengabe helarazten digute osasuntsu egoteko argal egon behar dugula, eta horretarako dieta bat jarraitzea beharrezkoa dela. Horrek eragiten du, ordea, jende askok janariarekin harreman okerra izatea. Jakin behar dugu gure barruak eta gorputzak eskatzen digunari kasu egiten; geroz eta muga gehiago jarri gorputzari, are gehiago desiratuko dugulako mugatu duguna, eta hortik datoz jankadak. Gehiegi jaten dugunean, baina, gaizki sentitzen gara, eta dietan jartzen gara berriz argaltzeko asmoz. Amaitzen ez den zirkulua da. Denok dakigu nolakoa izan behar duen elikadura osasuntsuak, eta hori oinarri hartuta, barruak esaten digunari ere kasu egin behar genioke.

Gantza hitza entzute hutsak izutzen du jende asko. Beldur horrek ba al du oinarririk?

Gaur egun, jakin badakigu gantzak ezinbesteko elikagai taldea direla gorputzaren garapena eta funtzionamendua bermatzeko. Hala ere, gantz guztiak ez dira berdinak, eta ez datoz iturri beretik. Ondorioz, eragin desberdina izan dezakete gorputzean. Saihestu beharreko koipeak ultraprozesatuta dauden produktuetan datozenak dira (gozokiak, pastelak, hestekiak, snack mokuko produktuak, aurrez prestatutako zenbait janari...), osasunerako kaltegarriak izan baitaitezke. Aldiz, oliba olioak, arrain urdinak edota fruitu lehorrek dituzten gantzak onurak izan ditzaketela ikusi dugu. Beraz, garrantzitsuena gantz horiek kalitatezko jakietatik lortzea da.

Omega 3 gantz-azidoez sarritan hitz egiten da. Zer onura ditu?

Omega 3ak gantz azido esentzialak dira, bizitzeko ezinbestekoak, eta gure gorputzak sortu ezin ditzakeenez, jakietatik lortu behar ditugu. Propietate antiinflamatorio eta antikoagulatzaileak dituzte. Inmunitate sisteman, nerbio sisteman zein garunaren funtzionamenduan paper garrantzitsua jokatzen dute. Hala, omega 3en kontsumoak bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua gutxitzen duela ikusi dugu, eta depresioan zein adinarekin lotutako narriadura kognitiboan onurak ditu. Gainera, bestelako zenbait gaixotasunen prebentzioan ere lagundu dezakeela uste dugu, minbizian eta diabetesean, esaterako.

Gurutze Gorriko boluntario gisa, adinekoen elikaduraz hitzaldia eman zenuen azaroan Zarautzen. Zeintzuk dira adinekoen beharrei erantzuteko gakoak?

Adineko pertsonen elikadura beharrak, orokorrean, heldu baten berberak dira. Hala, pertsona heldu batek osasuntsu egoteko jarraitzen dituen elikadura ohiturak hartu daitezke erreferentziatzat. Dena dela, adinean aurrera goazen heinean, agertzen dira faktore batzuk elikaduran eragiten dutenak, eta horiek kontuan hartu behar dira. Esate baterako, ikusi da adineko pertsonen artean ohikoa dela apetitua galtzea, eta horrek elikaduran eragiten du, gutxiago jaten dutelako. Hortzadurak ere zeresana du, hortzak falta zaizkionarentzat elikatzea erronka bat izaten baita; era berean, zentzumenen galerak ere eragin dezake. Medikazioan ere arreta jarri behar da, botika batzuk oztopatzen dutelako nutriente batzuen xurgapena. Ondorioz, adineko pertsona horien elikadura beharrak areagotu egiten dira.

Egun, janari denda handietako apalak mota askotako jakiez beteta daude. Lehen baino hobeto edo okerrago jaten dugu euskaldunok? Zer gehitu edo kendu beharko genuke?

Bizimodua asko aldatu da azken urteetan, eta ondorioz, elikadura ohiturak ere bai. Lehen etxean kozinatutako janaria kontsumitzen zen, bertako eta garaiko produktuekin egina, eta denbora asko eskaintzen zitzaion janaria prestatzeari. Dena dela, gure bizi ohiturak eta beharrak aldatzen doaz, eta horrekin batera supermerkatuetan aurki ditzakegun jakiak ere bai. Orain aukera oso zabala dago, eta ondo elikatzea asko errazten diguten produktuak aurki ditzakegu. Hala ere, ultraprozesatutako jakiak geroz eta anitzagoak dira, eta horien kontsumoa asko handitzen ari da. Produktu barietate horren aurrean, gantz, azukre eta gatz gutxiko produktuak aukeratzea gomendatzen dugu, eta lehengo elikadura tradizionala gogoan izanik, landare-jatorriko produktuei lehentasuna ematea.

Garrantzitsuak al dira ariketa fisikoa pisu orekatu bat mantentzeko?

Ariketa fisikoa eta elikadura osasuntsua bizitzeko ezinbestekoak dira. Pisu egokiari dagokionez, pertsonalki ez zait kontzeptu hori erabiltzea gustatzen, eta are gutxiago zenbaki bat ezartzea osasuntsu egoteko helburu gisa. Pisua parametro subjektiboa da. Azken finean, pisua neurtzen dugunean, gorputzeko elementu hainbat neurtzen ari gara: giharrak, gantza, ura, hezurdura… eta ondorioz, esan daiteke ez dela osasuna aztertzeko elementu egokiena. Beraz, gure helburuak ez luke "pisu orekatua" izan behar. Horren ordez, helburuen artean, janariarekin harreman osasuntsua mantentzea, gorputzeko egitura, malgutasuna, erresistentzia edota indarra hobetzea izan behar genituzke, esaterako.

Argaltasunaren kultura barruraino sartuta dago gizartean. Zer iritzi duzu horri buruz?

Argaltasuna goraipatzen duen gizarte batean bizi gara. Hori da lehen aipatu dudan dietaren kultura, hain zuzen ere, eta pisu galera bultzatzeaz gain, itxura fisiko jakin batekin bat etortzen ez den pertsona oro baztertzen du, izan emakume zein gizon. Pentsamendu honek argaltasuna arrakastarekin, edertasunarekin, zoriontasunarekin zein osasunarekin lotzera eraman gaitu, eta ondorioz, zenbait kasutan mirarizko dietak jarraituz, osasuna arriskuan jartzera. Garbi izan behar dugu pertsona baten balioa ez dutela gerri estu, pisu txiki edota beso gihartsu batzuek ezartzen, eta osasuntsu egon daitezkeela neurri eta itxura anitzeko pertsonak.

Argaltasunaren kulturak herritarren bizimoduan eragin zuzena izan dezake. Izan ere, gaur egungo gizartean, nolabait ezarritako estereotipo edo arau sozialetik kanpo dagoen oro epaitzeko eta zigortzeko joera dago, eta gizentasuna ez da salbuespena. Ameriketan egindako hainbat ikerketek erakutsi dute gizartean gizentasunarekiko aurreritziak eta diskriminazioa daudela, bizitzaren hainbat arlotan negatiboki eraginez; lan kontratazioetan, osasun zein hezkuntza zentroetan eta eremu publikoetan, esaterako.

Mirarizko dietak aipatu dituzu. Zer arrisku dituzte Interneten aurki daitezkeen dietek?

Mirarizko dieten arriskuetako bat da ahalegin handirik gabe eskuratu daitezkeela. Oso erraz aurki daitezke Internet bitartez eta oso oparoak dira, gainera; denbora gutxian emaitza bikainak agintzen dituzte. Gainera, denetariko informazioa aurki daitekeen garai honetan, askoz errazagoa da oinarri zientifikorik ez duten dieten tranpan erortzea. Dieta horiek, ordea, osasunean kalte larriak eragin ditzakete. Normalean dieta hipokalorikoak (energia gutxikoak) izaten dira, pisua galtzeko helburuarekin. Ondorioz, eta batez ere denbora luzean jarraituz gero, elikagai defizitak ager daitezke. Gainera, gaixotasun kardiometabolikoak garatzeko arriskua areagotzen dute, eta hori gutxi balitz, osasuntsu dauden pertsonengan obesitatea izateko arriskua handiagoa dela ikusi dugu honelako dieten harira. 

Kalte fisikoez gain, mentalki ere ondorioak eragin ditzakete. Antsietatea eta estresa areagotzen dituzte, eta janariarekin harreman egokia ahalbideratzen ez dutenez, elikadura nahasmenduak ere ager daitezke. Azpimarratu beharrekoa da epe motzera jarraitzen diren dietak ez direla jasangarriak, eta osasuntsu elikatzeko bizi ohitura osasuntsuak hartzea dela garrantzitsua.

Gizen egotea obesitatea edukitzea al da?

Ez beti. Munduko Osasun Erakundearen arabera, obesitatea gorputzean gehiegizko gantz kopurua izateagatik definitzen da, eta gantz gehiegi izate horrek osasuna kaltetu dezake. Hainbat parametroren bitartez neurtzen da, eta beraz, gizena egotetik haratago doala esan daiteke. Hala, gizena dagoen orok ez du zertan obesitatea izan.

Zein erronka ditu gizarte honek elikadura arloan?

Munduko Osasun Erakundean 2015ean ezarri zituen garapen jasangarrirako helburuak, 2030era bitartean lortzeko. Osasunean eta giza eskubideetan oinarrituta daude, eta elikadura arloko helburuak ere badaude: gosea erauztea eta mota guztietako malnutrizioa desagertzea. Malnutrizioaz dihardugunean bi alde hartzen dira kontuan: obesitatea zein desnutrizioa. Helburu horiek jomuga garrantzitsua direla iruditzen zait, horiek lortzeko elikadura segurtasuna bermatu behar delako herrialde guztietan; hau da, lortu behar da munduko herritar guziek eskuragarri izatea behar adina elikagai seguru, ekonomikoki nahiz fisikoki. Munduko lurralde askotan ez da bermatzen elikadura segurtasuna, eta ondorioz, herriale batzuetan gosea pasatzen dute edo industriak eskaintzen dituen ultraprozesatu merkeak kontsumitzen dituzte; batak zein besteak malnutrizioa dakar.

Malnutrizioari aurre egiteko elikadura sistemen aldaketak eragin behar ditugu. Industriak egiten dio kasu kontsumitzaileak eskatzen duenari, eta hasi behar genuke guk geuk etxean elikadura aldatzen, modu jasangarriago eta osasuntsu batean jaten. Denok ariketa bera egiten badugu, lortuko dugu industrian eta elikadura sisteman aldaketak eragitea.

Malnutrizioa aipatu duzu, eta haurren obesitate tasa, esaterako, gero eta handiagoa da. Zure ustez zer egin dezakete guraso zein eskolek haurren obesitateari aurre egiteko?

Obesitateari aurre egiteko konponbiderik eraginkorrena lehen mailako prebentzioa da, hau da, gaixotasuna agertu aurretik saihestea. Egia da Eusko Jaurlaritzak elikadura osasuntsuari eta haurren obesitateari buruzko egitasmoak antolatu dituela. Honelako neurriak aurrerapauso handia dira, eta osasunaren garrantziaz kontzientziatzeko tresna gisa oso baliagarriak izan daitezke. Hala ere, anbizio handiko ekimen hauek praktikan jartzea zaila izaten da batzuetan. Horregatik, edonolako neurri instituzionalak hartuta ere, lehen mailako prebentzio horretan guraso eta hezkuntza zentroek ardura handia dute, txikitatik elikadura eta bizi ohitura osasuntsuak transmititzea ezinbestekoa baita obesitateari aurre egieko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!