"Maria Sagrariok gozo hartu zituen haurrak urte luzez, eta goxotasun hori bizirik dago oraindik"

Aiora Larrañaga Solaberrieta - Iñigo Gaiton 2021ko ots. 2a, 16:11
Maria Sagrario, Orioko Curriculuma Sortzen taldeari emandako elkarrizketa batean. Irudia: Iñigo Gaiton

Herengun goizean hil zen Maria Sagrario Miralles. Goiko eskolan 35 urtez jardun zuen lanean umeekin, eta haren heriotzak arrastoa utzi du herrian. Horren isla dira KARKARAk bildu dituen erreakzioak.

Hauek dira KARKARAk jaso dituen adierazpenak:

Anuska Esnal, Orioko Udaleko alkatea:
"Maria Sagrario bada nor oriotarron memoria kolektiboan eta ederki merezia du gure omena. Maria Sagrarioren amona Mariak sortu eta Pilliku plazan ia ehun urtez irekita egon zen «parbularioa» ezinbesteko erreferentzia da oriotar asko eta askoren oroimenean, han bizi izan zituztelako etxetik kanpoko lehen esperientziak. Maria Sagrariok, urte luzez, gozo hartu zituen han herriko haurrak eta goxotasun hori bizirik dago oraindik oriotar askoren bihotzetan. Gugan bego!"

 

Orioko Ahalduntze Eskola:
"Orioko emakume ezagunenetarikoa, erreferentziala. Kulturaren eta euskararen transmisore, hezkuntza alorrean aitzindari. Horrela gogoratzen dugu Maria Sagrario."

 

Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko euskara teknikaria:
"Orion euskaraz baizik hitz egiten ez zen garaian sortu zuen Maria Maestrak —Maria Caminok, Maria Sagrarioren amonak— Goiko Kaleko «parbularioa», eta euskaraz funtzionatu zuen hasiera-hasieratik. Gerra zibilaren ondorenean eta frankismoaren urterik zailenetan ere «eskola txikiak» eutsi egin zion euskaraz irakasteari, bai Maria Maestraren eta bai Maria Sagrarioren zuzendaritzapean. Gipuzkoan askok egin ez zutena egin zuten Orioko amona-bilobek eta herriko euskaltzaleen errekonozimendua eta esker ona merezi dituzte horregatik."

 

Zaragueta Herri Eskola:
"Zaragueta Eskolan aste osoan zehar gogoratuko dugu Maria Sagrario. Alde batetik, egunero, 16:00etan, Bertso Txiki bat entzun eta kantatuko dugu. Bestetik, Orioko Curriculuma lantzen dugu eskolan, eta horren barruan Maria Sagrariok eta Maria Maestrak egindako lana jorratuko dugu. Horretarako, martxoaren 8rako, Maria Sagrarioren inguruan egin genuen horma irudia ere erabiliko dugu."

Bertso hau ere egin dute Zaragueta Herri Eskolakoek:

Goiko Kaleko haurtzaindegian
urte luzetako sona,
gure Maria Sagrario eta
Maria Maestra amona,
ume artean gozatzen zuten
ta aurkitu zoriona
hor ereindako haziak dauka
gaur egun jarraipen ona.

Doinua: Pello Joxepe

 

Orioko Herri Ikastola:
"Emakume umil eta zintzoa. Bere amona eta amaren oinordekotza jaso zuen familiako maestra ogibidea hartuz. Herriko ondarearen transmisio sutsua eta euskara sustatzeko lan izugarria egin zuen urte askotan Orioko haurrekin. Gure ikasle ohi eta irakasleon bihotzean izango da beti. Eskerrik asko Maria Sagrario eta familia!"

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!