Egoera txarrean dauden bizikletak bide publikotik erretiratuko ditu udalak

Karkara 2021ko ots. 2a, 15:42

Aste honetan hasiko dira kalean utzita dauden bizikletak erretiratzen. Aurretik, zigilua jarriko diete egoera oso txarrean dauden bizikletei abisu modura, eta inork erreklamatzen ez baditu, astebetera kendu egingo dituzte bide publikotik.

Orioko Udalak kalean abandonatuta dauden jabe jakinik gabeko bizikletak erretiratuko ditu, aste honetatik aurrera. Hasiera batean, "oso hondatuta eta egoera kaskarrean dauden bizikletak" erretiratuko dituzte.

Horren auretik, Udaltzaingoak zigilu bat jarriko die aurrena bizikletei eta, inork ez baditu erreklamatzen, handik zazpi egunetara hondakin gisa tratatuko ditu.

Kaleak txukuntzea eta bizikletalekuetan tokia libratzea da neurri horren helburua. Udalaren esanetan, bizikletaleku batzuk beteta izaten dira sarri eta, askotan, dagoeneko erabiltzen ez diren bizikleta hondatuak daude haietan amarratuta, tokia okupatzen.

Bizikletak bizikleteroetan

Bestalde, Udalak dei egiten die herriko bizikleta zaleei, ez uzteko beren bizikletak horretarako prestatuta dauden tokietatik kanpo. Adierazi dutenez, herritar batzuek ohitura dute bizikletak edozein tokitan amarratzeko (faroletan, barandetan, altzari urbanoetan…) eta Udalak gogorarazi nahi die "bizikletak bizikletalekuetan" lotu behar direla.

Sujerentzia eske

Udalak bizikletaleku gehiago jartzeko prestutasuna azaldu du, beharrezkoak badira, eta, horretarako, bizikleta zaleen proposamenak eta sujerentziak jasotzek prest agertu da. Bizikletaleku gehiago behar direla uste dutenek, beren proposamenak egin ditzakete udaletxeko harreran, non eta zenbat behar diren adieraziz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!