"Nire burua babesteaz gain, gizartearekiko dudan arduragatik ere hartu dut txertoa"

IƱigo Gaiton 2021ko ots. 4a, 19:20

Adela Martinez —Calahorra, 1966— erizain laguntzailea da ofizioz. Duela hogeita hamahiru urte ekin zion erietxeetan lan egiteari, eta gaur egun Donostiako Ospitaleko Larrialdi Orokorren unitateko langilea da. Izurritearen gordina bertatik bertara ezagutzea tokatu zaio Orion bizi den errioxarrari, eta atzo, koronabirusaren kontrako bigarren txertoa hartzeko aukera izan zuen.

Zalantzarik izan al zenuen aurreneko txertoa hartu aurretik?
Hasieran bai, koronabirusaren aurkakoa oso azkar garatu dutelako besteekin konparatuz gero. Dena den, hartzeko aukera eman zidatenean berehala eman nuen baiezkoa.

Osasun arloko lehen lerroan lan egiten duzula kontuan hartuz gero, babesteko balioko dizu eguneroko lanean.
Bai, noski. Dena den, nire lanarekiko, eta orokorrean gizartearekiko, dudan arduragatik ere hartu dut.

Albo eraginik izan al duzu txertoaren ondorioz?
Oso gutxi. Aurreneko dosiarekin, buruko eta besoko min pixka bat, eta bigarrenarekin neke apur bat sumatu dut, ezer larririk ez.

Zure inguruko lankideak ere ari al dira hartzen?
Eskaini zainenen artean %99k hartu du, ia denek bai. Hala ere, txertoak ez dira espero ziren kopuruan iritsi, bidalketak gutxitu egin zirelako. Nire kasuan, zahar etxe bateko soberakinekin osatutakoak izan dira dosiak. Lankide askori baino lehenago eman didate, adinagatik.

Lasaiago joango al zara lanera orain?
Txertoa hartu izan arren, osasun neurriak berdin-berdin gorde beharko ditut lanean, ezingo dut inondik inora erlaxatu. Hala ere, udaberriko esperientzia gogorraren ondoren, zorionez, uda pasa zenetik segurtasun gehiagorekin dihardugu lanean, baliabide gehiagorekin.

Momentu zailak bizitzea tokatuko zitzaizun udaberrian.
Larrialdietan lan egiten dudanez, denetik ikustea tokatu zitzaidan. Oso gogorra izaten ari da hau guztia.

Ospitaleetako eguneroko martxa gertutik ezagutzen ez dugunontzat, zaila da hango egoera errealaren ideia egitea.
Bai, hori hala da. Izurritea hasi zenean, izugarria zen egunero lanera joatea, birusaren gaineko ezagutza oso txikia zelako. Inork ez zekien zeri aurre egiten ari ginen. Horren guztiaren ondorioz antsietatea, beldurra eta estresa sufritzea tokatu zaigu osasun langileoi.

Momentu oso zailak bizi izan genituen. Txarrenak, niretzat, apiril erdialdean. Jendartearen gehiengo handi batek uste du koronabirusak jende adindua bakarrik eraman duela, baina gazteak, sasoiko jendea ere ikusi dut larrialdietan oso gaizki. Hori da errealitatea.

Udaberrian baino hobeto al zaudete orain?
Nire kasuan, lanera lasaiago joaten naiz, baina oso nekatuta gaude guztiok; bai psikologikoki eta baita fisikoki ere. Gutako bakoitzak duen guztia ematen du lanean, eta nekea pilatzen ari da. Gainera, bukaera ez da ikusten oraindik, edo gertu ez behintzat, eta horrek gogorragoa egiten du dena.

Lanean bizitako guztia nola kudeatzen duzu psikologikoki?
Urte asko dira ogibide honi ekin nionetik, eta nolabait, egoera gogorrak ikustera ohitzen zara. Osasun krisiari dagokionez, ospitaleko psikologoak eskura izan ditugu izurritea hasi zenetik laguntza emateko. Nire kasuan, asko laguntzen dit etxera itzuli eta familia sano dudala ikusteak. Balio handia ematen diot horri, eta tinko eusten diot horrek ematen didan indarrari.

Hirugarren olatua. Aurreko biekin konparatuz gero, zer balorazio egiten duzu?
Nire ikuspegitik, udaberriko olatuarekin jarraitzen dugu oraindik, ez ditut hiru ikusten. Momentu honetan, apirilean bezala gaudela esango nuke, baina lanerako errekurtso gehiagorekin: tratamenduak hobetu dira, ezagutza gehiago dugu, babes neurriak ere bai...

Ezer onik atera al daiteke honetaz guztiaz?
Ezer gutxi. Osasun krisiak argi eta garbi erakutsi digu egoistak garela. Honek ez gaitu pertsona hobeak egingo, hasieran batzuek esaten zuten modura.

 

 

 

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!