Baikor, udako estropadei begira

Iñigo Gaiton 2021ko ots. 5a, 08:55
Orioko gizonezkoen ontziko arraunlariak, 2020ko itxialdiaren ostean egindako lehen entrenamenduan. (Iñigo Gaiton)

Orio Arraunketa Elkartean "nahikoa normal" doaz neguko entrenamenduak, Iosu Esnaola elkarteko presidentearen arabera. Aurtengo udan traineru horiak lehiakorrak izango direla uste du. 

Iosu Esnaolak iaz hartu zuen Orio Arraunketa Elkarteko presidente kargua. Lan berriari ekin eta denbora tarte txikian, izurriteak mundua irauli zuen, eta espero gabeko egoerari aurre egitea tokatu zitzaion. Osasun krisiaren ondorioz, lehengo urtea zaila izan zen kudeaketa lanetarako, eta arraunlarientzat ere bai; udaberrian berrogeita hamar egunez etxean entrenatu behar izan zuten, ergometroari tira eta tira. "Negu honetan, arraunlariak nahikoa normal ari dira egiten lehorreko lanak, prestaketaren zati handi bat gimnasioan egiten delako. Estropadak jokatzeko, aldiz,  muga gehiago ari gara izaten", adierazi du presidenteak.

Orain, jubenil mailatik gorako arraunlari guztiek erdi-profesional izendapena lortu dute, eta horrek uretan entrenatzen jarraitzeko aukera eman die.

Gaztetxoak, berriz, geldirik daude Orion semaforo gorria piztu zenetik. "Aurten ez da kimu, infantil eta kadete mailako estropadarik egin, baina entrenatzen behintzat, ibili dira. Guretzat hori da garrantzitsuena, txapelketarik egin ez arren, arraunean orduak egitea, haien eboluzioan etenik egon ez dadin", argitu du.

Aurten, gainera, Orio AEn "oso bizirik" daude gaztetxoen taldeak, haietan arraunlari asko elkartu delako. Esnaolarentzat pena litzateke izurriteagatik estropalariak tostartetik urruntzea. "Gaztetxoek entrenatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, adin horretan osasuna ere tartean dagoelako; 16 urtetik beherakoen kasuan, oso garrantzitsua da kirola egiteko aukera ematea, bestela sedentarismoak asko egiten duelako gora".

Kudeaketa lanetan 
Esnaola mota bateko eta besteko gestio lanetan murgilduta dabil buru-belarri. Esaterako, lehengo astean elkarteak eta Orioko Udalak lankidetza hitzarmena berritu zuten, bi urtero egiten duten moduan. Presidenteak baieztatu duenez, aurtengo akordioak ez du aldaketa nabarmenik, aurreko urteetakoekin konparatuz gero. "Udalak eta Orio AEk bat eginda joan behar dute bidean. Orio ezagutzera eman behar dugu elkarrekin, eta helburu berak ditugu herrian arrauna sustatzeari begira", dio. Sinatu zutenaren arabera, Orioko Udalak 82.830 euroko dirulaguntza emango dio arraun elkarteari denboraldi bakoitzean, ohiko jardueretan laguntzeko.

Traineru lehiakorrak
Estropadei dagokienez, jaitsierez gain, aulki mugikorreko txapelketak ere atzeratu egin dira azken asteotan; tartean, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak. "Guretzat pena da horiek ez jokatzea, Orion garrantzi handia ematen diogulako aulki mugikorreko lanari", zehaztu du Esnaolak.

Traineruei dagokienez, udako denboraldi «polita» egiteko aukerak daudela uste du, izurriteak okerrera nabarmen egiten ez badu behintzat. "Iazko udaberriaren ostean, traineru estropadak nahikoa ondo egitea lortu zen, eta aurten, zorte pixka batekin, baldintza hobeak egon daitezkeela iruditzen zait. Pandemiaren eboluzioa baldintzatuko duten faktore asko daude, txertaketa kanpaina kasu, baina uste dut denboraldia egingo dela; iazkoa bezalakoa bai behintzat, eta hobeagoxea ere bai".

Elkarteko traineruen artean, emakumezkoenak lortu zituen iaz bandera gehien, eta historiarako geratuko den denboraldia egin zuten. Aurten, sei arraunlarik taldea utzi dute, baina banderak irabaztera aterako dira oriotarrak. "Iazko denboraldia baino gogorragoa izango da aurtengoa; batetik, taldeak partaide batzuk galdu dituelako, eta bestetik, aurkariak ere indartu egin direlako. Hala ere, bost gazte igo dira, eta horiekin esperientzia hartzeak ere garrantzia izango du".

Gizonezkoen kasuan, bost arraunlarik utzi dute taldea, tartean Gorka Aranberri patroiak. "Niri pena gehien ematen didana da etxeko estropalariak joan izana, bai mutiletan, bai nesketan", dio presidenteak. Hala ere, taldea lehiakorra izango dela uste du, "blokea" mantendu dutelako. "Bideak erakutsiko digu zertarako gai garen". Esnaolak azpimarratu duenez, B taldeak "denboraldi bikaina" egin zuen iaz, eta errepikatzea zaila izango den arren, helburu horrekin hasiko dute aurtengoa ere Anjel Larrañagaren mutilek. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!