Gustura, baina zalantzati ere bai

Aiora Larrañaga Solaberrieta - Iñigo Gaiton 2021ko ots. 9a, 15:50

Bordatxo tabernako Mila Urdangarinekin eta Bodegon Sarasuako Lide Yeregirekin hitz egin du KARKARAk, EAEko Auzitegi Nagusiak gaur hartu duen erabakiaren gainean: eremu gorrian dauden udalerrietako ostalaritza sektoreko negozioak irekitzeko aukera izango da bihartik aurrera. Oraingoz, behin behinekoa da erabakia.

Herriko ostalariek gustura hartu dute gaurko albistea, baina zalantza handiekin ere bai. Bordatxo tabernako Mila Urdangarin, esaterako, berria jakin orduko taberna garbitzera jaitsi da Herriko Plazara. “Egora gogorra bizi dugu ostalariok, eta itxaropentsu nago berriz ere taberna irekitzen utziko digutelako, ez baita erraza ia hiru asztez negozioa itxita izatea; laster erotu egingo gara martxan honetan”, aitortu du. 

Hala ere, Urangarinek jakin badaki egoera epidemiologiko “zaila” dutela herrian 1.255,7koa intzidentzia tasarekin, eta horrek ere kezkatzen du. “Noski kezkatzen nauela, baina uste dut ostalariok oso kontzientziatuta gaudela COVID-19aren giarekin eta neurriak betetzeko ahalegin guztiak egiten ditugula. Ni neu behintzat etengabe garbitzen jarduten naiz, gure taberna leku segurua izan dadin”. 

Bodegon Sarasua erretegiko Lide Yeregiren kasuan, zalantzati agertu da telefonoaren bestaldean. “Ondo iruditzen zait negozioak irekitzeko aukera ematea, baina zalantza handiak ditut. Zail ikusten dut aste honetan gure jatetxeko ateak irekitzea. Bost egunera zer erabakiko duten zain egon behar badugu, ez du merezi. Aurreikuspen minimo batzuk behar ditugu, lan-taldearekiko eta produktuen eskariekiko kontuak egiteko”, azaldu du. 

Orioko egoera ere izan du hizpide ostalariak. “Herriko intzidentzia tasa hain altua izanik, ez dakit ideia ona den sektoreko  ateak irekitzea. Burua erabili behar dugu denok”. 

Egoerak hobera egingo duen esperantzarekin agurtu da. “Ea Aste Santuen bueltarako egoera hobean gauden denok. Lanerako gogo ikaragarria dugu, baina hori posible izateko, egoera epidemiologikoak hobea izan behar du derrigor. Eta horretarako, askotan pentsatzen dut bizphairu asteko itxialdi potente bat egitea litzatekeela onena, gero denok lasaiago ibili ahal izateko.”

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!