Bizpahiru metroko olatuak eta marea biziak tarteko, abisu horia ezarri dute gaurko eta biharko

Amaia Urbieta 2021ko ots. 12a, 11:40

Itsasoak kostaldean izan dezakeen eraginagatik eman dute abisua. Gaur 17:00etatik 18:00etara izango da indarrean, eta bihar goizaldean 05:00etatik 07:00etara bitartean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak plazaratu duen oharrean jakinarazi du arriskua izango dela itsasaldiagatik kostaldean gaur eta bihar, eta abisu horia ezarri du.

Gaurko 17:00etatik 18:00etara izango da indarrean abisu horia. Iragarri dute olatuen altuera adierazgarria hiru metro ingurukoa izan daitekeela, eta estimatutako marearen altuera 4,41 metrokoa. Zehazki, 17:26ean izango da arratsaldeko itsasgora. Bihar, berriz, goizaldean egongo da indarrean abisu horia: 05:00etatik 07:00etara. 05:38ean izango da marea goian, baina biharkoan olatu txikixeagoak espero dira: 2,5 metro ingurukoak.