Positibo bakarra detektatu dute Orion, eta intzidentzia tasa 1.272tik 619ra jaitsi da astean zehar

Ointza Lete Arrieta 2021ko ots. 12a, 13:32

Aurreko asteekin konparatuz gero, egoera epidemiologikoak hobera egin du Orion azken egunetan, baina oraindik intzidentzia tasak 500etik gorakoa izaten jarraitzen du. Aian ere 1.057tik 302ra jaitsi da zifra azken egunetan, eta beste egun batez, ez dute positiborik detektatu herrian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu ditu atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera, Orion positibo bakarra detektatu dute azken orduetan. Aian, berriz, bat ere ez, beste egun batez. Azken astean egoerak hobera egin du bi herrietan, eta hori ondo islatzen da intzidentzia tasan: Orion 1.272tik 619ra jaitsi da azken egunotan, eta Aian 1.057tik 302ra. Orioko kasuan, grafikoan ikus daitekeen modura, duela bi asteko izandako birusaren oldarraldia baretzen ari dela dirudi. Dena den, oraindik eremu gorrian jarraitzen du herriak, zifra ez delako 500eko langatik jaitsi.

Eskualde mailan, pixkanaka bada ere, hobera ari da egiten egoera orokorra, batez ere duela astebeteko datuekin alderatzen badugu (ikusi beheko zerrenda). Herenegun baino bost positibo gutxiago baieztatu ziren atzo eskualdean, 15 denera. Duela astebete ez ziren askoz gehiago izan, 20, baina 100.000 biztanleko metatutako kasuen tasari erreparatuz gero, jaitsiera nabarmenak egon dira: hasieran aipatutako herriez gain, Azpeitian 1.116tik 630era eta Zestoan 950etik 564ra.

Azken egunean ere hobera egin dute datuek: Azpeitian lau kutsatu ziren herenegun, eta bi atzo; Zarautzen bederatzitik zazpira, eta Zestoan lautik hirura. Zumaian egon da igoera, positibo bat egon zelako herenegun, eta bi atzo, baina tasa gutxi igo da.

Azpimarratzekoa da atzo ere ez zela positibo berririk atzeman hainbat herritan: aipatu bezala Aian, eta Beizaman, Errezilen, Getarian eta Azkoitian, hain zuzen.

Hego Euskal Herrian %5etik beherako positibotasuna

Atzo 15.915 PCR eta antigeno proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta 740 positibo zenbatu ziren guztira (herenegun 781). 13.575 test diagnostiko egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 643 positibo baieztatu zituzten PCR eta antigeno probetan. 93 positibo berri Araban atzeman ziren, 400 Bizkaian, 139 Gipuzkoan eta 11 hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan. Positibotasun tasa %4,7koa da.

Nafarroan 2.340 proba egin ziren, eta positibotasuna %4,1ekoa da, 97 positibo berri zenbatuta.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 173 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan ingresatuta.

 

Herriak                     Atzo         Herenegun      Duela astebete

Aia                              0 (302,27)       0 (554,61)          2 (1.057,93)

Aizarnazabal         0 (0,00)            0 (0,00)            0 (0,00)

Azkoitia                   0 (208,63)        0 (267,04)         1  (367,19)

Azpeitia                   2 (630,75)         4 (716,16)          5 (1.116,95)

Beizama                  0 (0,00)             0 (0,00)            0 (0,00)

Errezil                      0 (0,0)               0 (0,00)             0 (483)

Getaria                     0 (70,67)           0 (106,01)          0 (141,34)

Orio                            1 (619,70)          2 (782,78)         5 (1.272)

Zarautz                     7 (364,07)         9 (372,64)         5 (316,96)

Zestoa                       3 (564,97)         4 (564,97)          1 (950,18)

Zumaia                    2 (360,34)         1 (345,99)           1 (447,75)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!