PAPEREKOA

Dikeko proiektu berria hizpide

Karkara 2021ko ots. 28a, 08:34

KARKARAk Dike-Kofradia eremuko proiektuaren inguruko iritzia eskatu ziren udal taldeei Otsaileko aldizkarirako. Hona hemen udalbatzako kideen iritziak.

Abenduko udalbatzarrean Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari – Dike-Kofradia eremu ez-jarraitua biltzen duena– lehen onarpena eman zion Orioko Udalbatzak. Hasiera batean, izapide arrunta zirudiena eztabaida korapilatsua bilakatu zen. Izan ere, EH Bilduk, PSEk eta Orain herri plataformak aldeko botoa eman zuten, baina EAJ abstenitu egin zen eta azaldu zuen ez zaiola egokia iruditzen Dike-Kofradia biltzen dituen eremu urbanistikorako proposatzen den proiektua. Hori dela eta, KARKARAk Dike-Kofradia eremuko proiektuaren inguruko iritzia eskatu die udal taldeei.

 

ORIOKO EH BILDU: "Hiri eredu berri bat sortzea nahi dugu"
(...) 2020ko urtarrilean zegokion administrazioari bidali zitzaion proiektua aztertu eta erantzun zezan, eta urtean zehar hainbat txosten jaso ditugu administrazio ezberdinetatik. Ingurumen sailak, esaterako, aukeratutako antolamendua ingurumenaren ikuspegitik egokiena dela adierazi du.

Hirigintza jarduketa hau, Oriorentzat garrantzitsua izango da. Batetik, Kofradiari irtenbide bat ematen zaiolako, bertan interpretazio zentroa egin eta Kofradiarentzat lokalak egingo dira. Eta bestetik, Dike eremuan herriari lotura eta bizia emango dion hiri antolamendu bat sortuko delako.

Udalak esku-hartze zuzena izan du erabaki hauek hartzeko garaian eta aukera oso garrantzitsuak izango ditu proiektu hau aurrera joan ahala. Eraikigarritasuna hasierako planetik, handitu egin da eta honekin etxebizitza sozial gehiago egitea eta ekipamendu berriak sortzea lortu da. Antolamendu berri honekin, hiri eredu berri bat sortzea nahi dugu. Orion azken urteetan eraiki den bezala, auzo periferikoak sortu dira, zerbitzu gutxirekin eta merkataritza gunerik gabe. Orain dugu aukera hori aldatzeko. Orion eraiki daitekeen eremu handi bakarrenetakoa da, eta Anibarko Portu aldera, herriko zutabe bat lotzeko balioko du. Gainera, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-gune berria sortuko da. Errioari begiratuko dion eremua izango da eta herritarrok ingurua biziberrituko dugu. Orain, behin betiko onarpen prozesuan sartzen gara, bide honetan orain arte bezala, elkarlana eta akordio zabalak bilatzea izango da EHBildutik egingo den lana.

 

EAJ: "Antolamendu berriak kezkatzen gaitu"
(...) 2020ko urtarrilaren 8an aurkeztu zen Dike-Kofradia eremuaren aldaketa puntualaren dokumentua udalean. Geroztik, EAJ taldeak sarritan eskatu du ordenazio horri alternatibak aztertu behar zaizkiola Hirigintza batzordean, Udalaren ardura delako herriarentzako ordenazio egokiena bermatzea. Erantzun ezak behartuta, 2020ko urriaren 16an idatziz sartu genuen eskaera, eta esan genuen ez genuela txostena onartuko zalantzak argitu arte. Erantzunik gabe, abenduaren 18an, (...) plan berriari lehen onarpena emateko eskatu zaigu. EAJk beti izan du akordioak lortzeko jarrera. (...) Antolamendu hau onartzeko orduan, ordea, proiektuaren sustatzaileen iritzia bakarrik hartu du kontuan udal gobernuak. Ez du beste aukerarik landu nahi izan. Antolamendu berriak –bere legezkotasunaren zalantzarik ez badugu ere– kezka handiak sortzen dizkigu:

• Toki alai eta Arozena eremuekin lotura egokiagorik ez al dago? Aita Lertxundiri egiten zaion inpaktua ezin al da arindu?
• Lehen lerroko eraikin nagusia Orioko luzeena

izango da, Aita Lertxundi eta errio aldea banatuz. Genero ikuspegitik ez al dira puntu beltzak eraikina zeharkatzeko pasabideak? Eraikinek atzeko eraikuntzetan izango duten inpaktuak kezkatzen gaitu.

• Ibaiondon 2,5m alturako kota diferentzia proposatzen da. Beste aukerarik ez al dago?

• Kofradiaren oinarrizko proiektua aurkeztutzat ematen da dokumentuetan. Noiz eman behar dugu gure iritzia; onartutzat eman behar dugu hau ere? Eta Kofradian eraiki ezin badaiteke zer gertatuko da? Kosta zuzendaritzaren erantzunaren zain gaude eta erabaki horrek Dikeko proiektuaren garapena baldintzatu dezake.

 

PSE-EE: "Adostasunera iristeko jarrera baikorra"
Abenduaren 23an, Plan Orokorrean Dike eta Kofradia eremuaren aldaketa puntuala egitea onartu zuen udalbatzarrak. Horri esker, konponbidea jarri zaie Oriok hirigintza esparruan dituen arazo nagusiei.

Urte luzez, kofradiaren eta inguruaren egoera txarra kezka iturri izan dira herritarrentzat eta Orioko Udalarentzat. Aldaketari esker, konponbidea eman zaio arazo horri, aurrerantzean kofradia Dike eremuko planean sartuta egongo delako. Hala, bermatuta geratu da etorkizunean kofradia berria izango den eraikina egitea. Bizia irabaziko du moila inguru horrek, eta eraikinak zerbitzuak eskainiko dizkie herritarrei.

Dike eremua da herrian urbanizatzeko geratzen den azken gunea, eta orain, inguruan urbanizazio moderno bat egiteko aukera izango da. Ibaiondo eta Anibarko Portua hurreratzea da proiektuaren helburua, herriguneari segida emanez. Aldi berean, auzogune berri bat sortuko da, ibaira begira egongo diren zerbitzu eta etxebizitza berriekin.

Hori guztia, akordioa lortzeko lanean jardun duen taldearen, Kofradiaren eta Orioko Udalaren lan bateratuari esker lortu da. Hasieratik, adostasunetara iristeko jarrera azaldu dute alde guztiek, lanerako jarrera serioa, eta zehaztasun handiz bete dira hirigintza legediari dagozkien arau guztiak.

Orioko Udaleko zinegotzi eta lan-prozesu horren parte izan naizen aldetik, eskerrak eman nahi dizkiet Dike eremuko jabeei eta Kofradiari, akordioetara iristeko erakutsi duten aldez aurreko jarrera onagatik.

Lan egitea eta adostasunak bilatzen saiatzea da arazoei konponbidea jartzeko modu bakarra.

 

ORAIN UDAL TALDE: "Erabakia interes publikorako ona da"

Buelta asko emanda (milaka orrialde bilduko genituzke aurreproiektuak, proiektuak, aktak, txosten juridikoak, azterlanak, aurkezpenak eta beste hainbeste juntatuta; baita, kalkula ezinezko orduak bileretan, batzordeetan eta batzarretan) 2020ko abenduaren 23an udalbatzarrak Dike-Kofradia eremu ez-jarraiturako Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari lehen onarpena eman zion.

Bi eremuak bideragarritasun arazoekin eta egoera zailetan zeudenez, 2017ko ekainaren

23ko Hirigintza batzordean Plan Orokorra eztabaidatzerakoan Kofradia Dikera inkorporatzea aho batez onartu zen.Dikeko Kontzertazio Batzordeak, 2018ko irailaren 27an egindako batzarrean eta jabe guztien adostasunarekin, hitzarmen urbanistikoak aurrera egitea onartu zen. (...) Ondoren, Udalak 2018ko abenduaren 27an, aho batez eta behin betikoz onartu zuen plangintza eta kudeaketako hitzarmen urbanistikoa. (...)

Hainbat esparrutan legezkotasun txostenak eskatuta eta beteta, 2020ko uztailaren 16ko Gipuzkoako

Aldizkari Ofizialean Parte Hartzeko Planaren iragarkia argitaratu zen. Arraunetxen erakusketa grafikoa jarri zen uztailaren 21etik abuztuaren 2ra bitartean, eta bertara 200 pertsona inguru hurbildu ziren.

Uste dugu hartutako erabakia interes publikorako ona dela, proiektua aurrera ateratzeko zailtasun handiak zeudelako. Izan ere, kofradia hondamen egoeran deklaratuta zegoen eta etxebizitzak ezin baziren egin, ez zeukan bideragarritasun ekonomikorik. Hori dela eta, Dikeko lur jabeek, Kofradiak eta Udalak lortu duten adostasuna goraipatu nahi dugu, irtenbidea eman zaiolako urteetan geldirik egonda etorkizun iluna zuen arazoari.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!