Antxoa berria merke saldu da arrandegietan aurreneko astean

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 5a, 11:00

Asteartean jarri zuten salgai arrandegietan antxoa berria. Lehen astean ibili dutena "tamainaz koskorra" izan dela azaldu du Olga Mujika Txomin arrandegiko saltzaileak, txiki antzerakoa.

Astelehenean harrapatu zuten Orioko arrantzaleek aurreneko antxoa, kanpainako lehen egunean, eta hurrengo egunerako salgai zuten Txomin arrandegian. "Urtero gertatzen den bezala, lehen egunean ikaragarri piloa saldu genuen, 70 kilotik gora. Jendea amorratzen egoten da", adierazi du Olga Mujikak. Berak jakin duenez, lehen egunetan antxoa "dezente" harrapatu zuten arrantzaleek, baina tamainaz nahikoa justua. "70 bat piezarekin osatu dugu kiloa; horrek esan nahi du tamainaz ez dela handia. Horrez gain, sarean oso nahastuta harrapatu dute sardinarekin eta txitxarro txikiarekin, eta horrek jaitsi egiten du prezioa, gutxiago pagatzen da".

Atzo arratsaldean, 5,5 eurotan zuten kiloa arrandegian. "Oso merke da. Lehengo astean, Mediterraneoan harrapatutako antxoaren kiloa ia 11 euroan izan genuen salgai. Iaz ere gauza bera gertatu zitzaigun. Kontserba fabrikak itxita daudenez, arrandegietatik egiten dugun eskaria berehala betetzen da, eta antxoa ez da prezio ona izatera iristen".

Mujikaren iritziz, ezin dira konparatu hemengo antxoa eta kanpoan harrapatutakoa. "Mediterraneokoak laguntza behar izaten du sukaldean, baratzuriarekin edo piperrarekin kozinatu behar da. Hemengoak, aldiz, ez du ezer behar izaten, berezko zaporea aparta duelako".

Iaz gertatu zen modura, aurten ere antxoa berdela baino lehenago azaldu dela gaineratu du arrain saltzaileak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!