Martxoak 8

Sistema arrakalatzeko deia egin dute Orion Martxoaren 8an

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 8a, 20:04

Beste urte batez, kalera irteteko deia egin zuten gaurko Orioko Xaltxerek. Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaurko egunaren harira argitaratutako adierazpenekin bat egin dute talde feministako kideek; COVID-19aren hainbat ondorio jarri dituzte jo-puntuan, eta "sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa" adierazi dute. "Euskal Herrian eta Euskal Herritik dena aldatzeko lan egingo dugu", esan dute.

19:00etan plazatik atera da Orioko Xaltxerek antolatutako manifestazioa, eta herriko kaleak beteta aldarrikatu dute Martxoaren 8a mobilizazioan bildu direnek. Bukaera, ordea, ezohikoa izan da oraingoan: Sistema arrakalatu zioen pankartaren atzean kaleak zeharkatu ostean, ez dute adierazpenik irakurri talde feministako kideek. Horren ordez, Zutik emakumeak kantua abestu eta manifestazioan zehar buru izan duten pankarta eskegi dute zubian.

Xaltxerek, baina, azaldu dute bat egin dutela Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaurkoan argitaratutako adierazpenekin. Euskal Herriko Mugimendu Feministak Dena aldatu, sistema arrakalatu izenpean kaleratu du oharra, eta "COVID-19ak eragindako testuingurua" izan du hizpide: "Izurrite testuinguruak sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu".

Egungo egoeran "herritarren osasunaren gainetik, gobernuetatik Kapitala lehenetsi" dela nabarmendu du, eta besteak beste, "krisialdiak eragin zuzena" izan duela "eremu feminizatuetan". Indarkeria matxistak, dena den, ez duela "etenik izan" salatu du. Horri lotuta, "sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa" erakutsi du.

"Sistema kapitalista heteropatriarkar arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko", gaineratu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8aren harira kaleratutako oharrean. "Euskal Herrian eta Euskal Herritik dena aldatzeko lan egingo" duela ere adierazi du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!