Gipuzkoako ibaietako 228 oztopotan esku hartuko du aldundiak, erdiak Oriako arroan

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 13a, 09:00

Jose Ignacio Asensio Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak azaldu du esku hartzearekin arrainen iragazkortasuna indartuko dela. "Ekintza eraginkorra da klima aldaketak espezieen migrazioan dituen ondorioei aurre egiteko", gaineratu du.

Gipuzkoako ibaien konektibitatea hobetu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horregatik, 2020-2035 urteetan garatzeko plan bat osatu du Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak. Lurraldeko ibaietan atzemandako 228 oztopo kendu nahi dituzte, horietatik ia erdiak Oria ibaiko arrotik. Planaren berri eman dute prentsa ohar bidez, eta jakinarazi dute 8,5 milioi euroko inbertsioa egingo duela aldundiak.

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Enrique Ramosek aurkeztu dute Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko 2020-2035 aldirako Plan Gidaria. "Plan honek hirukoiztu egiten du gure ibaiek arrain espezieentzat duten iragazkortasuna. Ibaietan oztopoak egotea eta, ondorioz, emaria murriztea ingurumen arazo bat da, eta plan hau oso ekintza eraginkorra da klima-aldaketak espezieen migrazioan dituen ondorioei aurre egiteko", azaldu du Asensiok.

Aldundiak azpimarratu du jarduera horiei  esker "nabarmen" hobetuko direla arrain espezieen migrazio arazoak; "izan ere, gaur egun irisgarri diren 193 kilometroetatik 616 izatera igaroko gara 2035. urtean".

Burutu behar diren obrei dagokienez, "beti lehentasuna ematen zaio oztopoa behin betiko ezabatzeari, ebazpen horrek baititu ingurumen abantaila handienak"; hori egin ezin denean, beste soluzio batzuk aztertuko dira, hala nola arrapalak edo alboetako ubideak.  "Helburua da oztopo edo gailu bakoitzetik pasatzeko eraginkortasuna %90ekoa edo handiagoa izatea da. Horri dagokionez, egungo igarotze gailuen funtzionaltasunari edo eraginkortasunari buruz egindako berrikuspenek erakusten dute igarotze eraginkortasun orokorrak % 60 ingurukoak direla salmonidoen gorako migraziorako, eta %20 ingurukoak ez-salmonidoetarako".

Horrez gain, beste datu batzuk ere eman dituzte: planean sartutako 228 oztopoetatik erdiak gutxi gorabehera (116 oztopo) gaindiezintzat jotzen direla, % 22k (51 oztopo) zeharkagarritasun moderatua dutela, eta gainerako 61 oztopoak gainditzeko modukotzat jotzen direla, baina metatze efektuak eragin nabarmena izan dezaketenez, planean sartu direla.

Sei ibai eta ibaiadarretan esku hartzea

Planak Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arro eta ibaiadarretako 228 oztopori eragingo die. "Plan honi esker, arrain espezieentzat iragazkorrak diren tarteen luzeera hirukoiztuko da. Aurreikusitako obrekin, 420 kilometro ibai baino gehiago berreskuratuko dira, eta arrain espezieen iragazkortasuna areagotuko".

Hautatutako 228 oztopoetatik lau Bidasoaren arroan daude, 21 Oiartzunen arroan eta 12 Urumearen arroan; erdiak, 114, Oriaren arroan daude, eta Deba eta Urolaren arroetan, berriz, 38 eta 39 oztopo daude, hurrenez hurren.

Dena den, datuetan ageri diren oztopoak askoz gehiago direla jakinarazi du departamentuak: "Gipuzkoako ibaietan 784 oztopo daude inbentariatuta, 2017an egin zen Gipuzkoako ibai sareko oztopo, aprobetxamendu eta jarduketen inbentarioaren eguneraketaren arabera.  Plan honek jasotzen dituen 228 oztopoei 157 gehitu behar zaizkie; horietatik 112 iragazkor bihurtu dira azken 25 urteetan, eta gainerakoetan ez da jarduketarik egin behar, haien eragina oso txikia delako eta guztiz iragazkorrak direlako. Gainerako 399 oztopoak planetik kanpo geratzen dira, dagozkien ibai tarteak jarduketa eremutik kanpo geratzen direlako, teknika-, ingurumen- eta administrazio-faktoreen arabera".

Mapa birtuala ikusgai dago

Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak aplikazio bat jarri du herritarren eskura, eta 2000. urtetik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak ibaiak iragazkortzeko egindako jarduera guztiak biltzen ditu. Bisore horren bidez, obra horietako bakoitza banaka kontsulta daiteke eta laburpen fitxa bat sor daiteke esku hartze bakoitzaren ezaugarri nagusiekin.