"Arrazakeria bizi dugunok lehen pertsonan hitz egin behar dugu, gizartea sentsibilizatzeko"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mar. 13a, 18:16

Tarana Karim. (Iturria: Tolosaldeko Ataria)

Ostegun arratsaldean, Tarana Karim aktibista musulman eta feministak hitzaldia emango du Orion, Ahalduntze Eskolak antolatuta. Arrazakeria eta xenofobia hizpide izango ditu, eta KARKARAk elkarrizketa egin dio egun batzuk lehenago, gaia sakonago ezagutzeko. Hitzaldian parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera idatzita edo 623 178 553 telefonora deituta.

Ostegunean hitzaldia emango duzu Orioko Kultur Etxea. Garrantzitsua iruditzen al zaizu arrazismoa eta xenofobiaren inguruko eztabaida sortzea gizartean?
Berandu gabiltza. Arrazismoaren eta xenofobiaren gaiaz aspaldian jardun behar genuke. Etorkinen kolektiboetan nahiz arlo horretan lan egiten duten eragileen artean lantzen da gaia, baina uste dut bertako jende askok beste aldera begiratzen duela, ez dutelako errealitatea ikusi nahi. Horren aurrean, arraza bazterkeria bizi dugun herritarrak lehen pertsonan hitz egiten hasi gara, eta espazio publikoetan parte hartzen ari gara egoera salatzeko. Modu horretan, gure gizartean arrazakeria eta xenofobia badaudela erakutsi nahi dugu eta gizartea gaiaz sentsibilizatu nahi ditugu, egunerokoan erreproduzitzen diren jarrerak eta iritziak menderatzaileak eta arrazistak direla ohartarazteko. Horrez gain, erakundeei eskatu nahi diegu arrazismoari eta xenofobiari aurre egiteko neurriak har ditzatela, etorkinen kolektiboaren aurka helarazten diren mezuak zigortuak izan daitezen.

Aldaketak behar beharrezkoak dira kulturarteko gizartea eratu nahi badugu, askotan erakundeak ez direlako ohartzen beren ekimen, arau eta legeetan baztertu egiten gaituztela. Atzerritarren Legea bera da baztertzen gaituen lehena, oztopo eta muga asko jartzen dizkigulako bizitza duina eraiki ahal izateko: migratzaile asko agiririk gabe bizi dira, horiek lortzeko baldintzak betetzea oso zaila izaten delako, eta beste askok, paperak legeztatuta izan arren, familia ekartzeko arazoak izaten dituzte. Badirudi erakundeek etorkinak nahi dituztela lan egiteko eta adinekoak zaintzeko, baina gure eskubideak errespetatzea eta bizitza duina eraikitzeko baldintzak aldarrikatzen ditugunean, beste aldera begiratzen dute.

Urte asko daramatzazu Euskal Herrian bizitzen. Zer nolako harrera egin dizu euskal gizarteak?
Iritsi nintzenean, hitz egiten nuen atzerriko hizkuntza ingelesa zen, baina ez nekien gaztelaniaz eta euskaraz. Horregatik, arrazismo handia sumatu nuen kalean bertako hizkuntzak hitz egiteko gai ez nintzelako. Lan arloan sektore askotan lan egin izan dut: ostalaritzan, adinekoak zaintzen, itzulpengintzan, teknikari gisa.... eta bide horretan mota guztietako pertsonak ezagutu ditut. Batzuk, esaterako, arrazismoa barruraino sartuta dute. Adibidez, ez dira ohartzen arrazista dela norbanakoa ezagutu gabe kolektibo osoari ezartzen zaizkion estereotipoen arabera epaitzea.

Bestetik, aitortu behar dut nire bizitza asko aldatu dela duela hamar urte buruko zapia janztea erabaki nuenetik. Izan ere, hasiera batean itxuraz bertako baten itxura antzekoa dut eta euskaraz ere hitz egiten dudanez, ez ninduten etorkin moduan identifikatzen. Zapia janztan hasi nintzen unetik, ordea, nire musulman identitatea erakusten hasi nintzen, eta konturatu nintzen jendeak aurreiritzi asko dituela, eta iruditzen zaiela jarraitu beharreko bidea erakusteko eskubidea dutela.

Buruko zapia aipatu duzu. Uste duzu emakume musulmanek bazterkeria handiagoa pairatzen dutela?
Bai. Uste dute emakume musulmanak ahulak garela eta ez dugula erabakitzeko ahalmenik. Mendebaldeko politikariek Islamaren inguruan eraiki duten irudiaren eraginez zabaldu da irudipen hori, baina ez du zerikusirik errealitatearekin. Islama matxista eta giza eskubideen aurkakoa dela diote, baina ez da egia. Mendebaldeak sortu duen eraikuntza kultural bat da hori, eta gizarte osoak sinetsi egin du. Guk badakigu gure erlijioa baketsua dela, eta emakumea babesten duela; gainera, emakumeak ikastea eta gizartean parte hartzea ere sustatzen du. Dena dela, mendebaldeko iritzi publikoan zabaldu den Islama muturreko ideologia duten herrialdeetan inposatzen dutena da. Hala, uste dut mendebaldean buruko zapiari esanahi politikoa eman zaiola eta horrek elkarbizitzan ondorioak sortzen dituela. Harrigarria iruditzen zait nire bizilagunek pentsatzea desberdina edo arriskutsua naizela buruan zapia daramadalako. Aldarrikatu nahi dut hemen zapia daramagun emakume musulman gehienok nahi dugulako janzten dugula. Ez dugu janzten gizonek esaten digutelako; are gehiago, Koranak ez digu horretara behartzen. Gure fedea erakusteko modua da. Buruan zapia jantzita ez diogu inori kalterik egiten, eta inork ez digu esan behar zer jantzi behar dugun, guk besteei esaten ez diegun bezala.

Emakume etorkinak bizitzan aurrera egiteko gidaria behar duela ulertzen da askotan. Hori sentitu al duzu.
Noski baietz, irudipen hori barruraino sartuta du gizarteak eta emakume eta migratzaile bezala askotariko diskriminazioak jasaten ditugu. Nik goi mailako ikasketak nituen Euskal Herrira iritsi nintzenean eta ingelesez hitz egiten nuen. Dena dela, gaztelania ikasten hasi nintzenean irakasleak galdetu zidan idazten eta irakurtzen banekien. Denborarekin ohartzen zara jende askok oso barneratuta duela etorkinekiko jarrera menderatzailea; hau da, pentsatzen dute bertakoak direlako etorkinek baino gehiago dakitela eta beren ohiturak eta iritziak direla zuzenak eta kanpotik etorri dena oker dabilela. Badirudi orain arte izan dugun bizimodutik eta gure herrialdeetan jasaten ditugun "zapalkuntzetatik" salbatu nahi gaituztela, hemen sistema patriarkala egongo ez balitz bezala. Horrez gain, askotan gure gaitasunak ere zalantzan jartzen dira lan arloan, nahiz eta enplegu horretarako behar dena baino formazio zabalagoa izan. Zorionez, egunez egun, erakusten dugu lanerako edo gizartean parte hartzeko gaitasuna badugula, baina oraindik ere kosta egiten zaigu erabakiguneetara iristea.

Nik uste dut jarrera menderatzaile horren atzean mendetan zehar transmititu den sentimendu koloniala dagoela, hau da, europarrak arlo guztietan gainontzekoak baino hobeak direnaren ustea. Egia da hemen ongizate gizartea dagoela eta horrek mundu guztiko lagun asko erakartzen dituela, familiarentzat bizitza hobe baten bila, baina horrek ez du esan nahi Europa eredugarria denik arlo guztietan.

Emakume etorkinei estereotipo ugari ezartzen zaizkie. Zein uste duzu dela horiek iraultzeko bidea?
Nire ustez oso garrantzitsua da etorkinok gizartean parte hartzea. Antolatzen diren bilgune desberdinetan parte-hartze aktiboa izan behar dugu, lehen pertsonan hitz eginez, eta hori aberasgarria izango da gizarte osoarentzat. Pertsonok hitz eginez ezagutzen dugu elkar eta modu horretan gainditzen dira aurreiritziak. Egia da batzuetan hizkuntza arazoa izaten dela. Izan ere, herri askotan bilgune horiek euskaraz izaten dira eta horrek zailtasunak sortzen dizkie emakumeei parte hartzerako orduan. Agian, elkarte eta erakundeek ere erraztasunak eman beharko lituzkete arlo horretan, gizarte osoaren parte hartzea sustatzeko eta emakume etorkinak eroso eta seguru sentitzeko. Ni, esaterako, Tolosaldeko mugimendu feministan nahiko bakarrik sentitu nintzen, etorkin bakarra nintzelako eta nire ideiak eta erlijioa ez zetozelako bat beren eredu feministarekin. Horregatik, uste dut bertako eragileek ere ohartu behar dutela gizartea aldatu egin dela eta anitza dela. Herri batean ekimen kulturalak antolatzen direnean, esaterako, ez da inoiz etorkinengan pentsatzen; badirudi lan egiteko, adinekoan zaintzeko, eraikuntzan lan egiteko eta garbiketa lanetarako gaudela hemen, baina herriko beste jardueretan ez gaituzte aintzat hartzen, hemen biziko ez bagina bezala. Euskal gizartea, ordea, jatorri, kultura eta erlijio desberdinetako herritarrok osatzen dugu, eta aniztasunaren gaia politika eta gizarte arlo guztietan izan behar da kontuan. Hitzaldian parte hartzen dutenek horren inguruan hausnartzea nahi nuke.

Hitzaldian publikoak parte hartzea nahi al duzu?
Bai, nahi nuke jatorri, kultura eta erlijio desberdinetako Orioko bizilagunek beren bizipenak eta iritziak partekatzea. Ni jardungo naiz behin eta berriz errepikatzen diren bazterkeria adibideez, baina ona da Orioko bizilagunek beren sentipenak partekatzea, bertakoek herriko errealitatea ezagutu eta guztien artean aldaketarako bidea abiatu dezaten.