'Ultima funcion', 'Gilles de Rais'-en itzulpena plazaratu du Anjel Lertxundik

Karkara 2021ko mar. 13a, 16:00
(Alberdania)

Idazle oriotarrak Gilles de Rais bere azken eleberria gaztelerara itzuli du, eta Alberdania etxearekin plazaratu du lana. 

Aste honetan bertan aurkeztu du Donostian Ultima funcion lana Anjel Lertxundi idazle ezagunak, iaz plazaratutako Gilles de Rais eleberriaren gaztelerazko itzulpena. Alberdania argitaletxeko Jorge Gimenez Bechekin egin zuen aurkezpena, eta istorioaren nondik norakoak azaldu zituzten prentsaren aurrean.

Vincent izeneko antzerkilari frantsesa da kontakizunaren pertsonaia nagusia. Militar karlista baten enkargua onartzen du, eta izenez ere ozta-ozta ezagutzen dituen Nafarroako lurraldeetan barrena ibiliko da, berariaz sortutako antzezlan baten bitartez soldaduak Karlos VII.aren kausaren alde adoretzen. Gilles de Rais mariskal pedofiloak –Arc-eko Juanaren lagun eta armakideak– bere tokia erreklamatuko du pixkanaka-pixkanaka antzerkitik gero eta gutxiago duen obran.

"Mito faustikoa" dago eleberriko historiaren muinean, Lertxundiren arabera. Izan ere, Vincentek bere arima saltzen du diruagatik, baina ez deabruari, baizik eta militar karlista batzuei: "Modu ugaritan landu da literaturan Faustoren mitoa. Marloweren Faustok, adibidez, arima saltzen du jakituaren aldeko apustuan, baina Goethek giza sekretuak ezagutzeko grina asetzeko gogoa jartzen du Faustok deabruarekin egiten duen tratuaren sorburuan, eta, gure garaitik gertuago, arte gorena menderatzea darabil Thomas Mannek arima saltzeko arrazoitzat. Vincent, eleberriko protagonista, antzerkilaria da, Victor Hugo zalea eta artearen maitalea, eta diruaren truke saltzen ditu bere artea eta duintasuna".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!