PAPEREKOA

"Madrilera etorri nintzen, hemen lan edo proiektu segururik eduki gabe"

Iñigo Gaiton 2021ko mar. 14a, 15:59

Maialen Urangak haize eta bizipen berrien bila jo zuen Madrilera duela hiru urte, eta hiri handiak eman dio aurkitu nahian zebilen hura. Arropa eta moda kontuetan murgilduta dabil, o zioz eta a zioz, eta ez zaio entretenimendurik falta. Dena den, itsasoa, familia eta lagunak faltan bilatzen dituela aitortu du.

Nondik datorkizu moda kontuekiko zaletasuna?
Orioko arropa denda batean lan egiten hasi arte, ez nuen interes berezirik. Han, lanerako gai nagusia arropa izanik, kateatzen hasi nintzen pixkanaka, eta denborarekin erabat harrapatu nau.

Gero, zeure denda ireki zenuen Zarautzen.
Lau urtez izan nuen irekita. Aurrez, kontratua amaitu zitzaidan orduan lan egiten nuen Zarauzko dendan, eta handik hilabetera irekita nuen neure negozioa. Zirt-zart, gehiegi pentsatu gabe eman nuen urratsa. Atzera egiteko aukera izanez gero, begiak itxita errepikatuko nuke.

Zer eman zizun negozio propioa izateak?
Ikasketa prozesu ikaragarria izan zen. Lan eta ardura guztiak niregain nituen, eta horrek negozioarekiko ikuspegi zabal eta sakonagoa izaten erakutsi zidan. Gainera, saltsera samarra izanik, asko gozatzen nuen arropa ikustera-eta egindako bidaietan. Neure denda irekitzea eta Madrilera etortzea, horiek izan dira inoiz hartu ditudan bi erabaki onenak, biek ikaragarri ikastera behartu nautelako.

Nolatan itxi zenuen Zarauzko denda?
Madrilera etortzea erabaki nuelako. Dendak ondo funtzionatzen zuen, baina lau urte eta gero, ziklo berri bat hasteko gogoa piztu zitzaidan, eta hor ere zirt-zart hartu nuen erabakia: Zarauzko negozioa itxi, eta Madrilera etorri nintzen, hemen lan edo proiektu segururik eduki gabe.

Zertan zabiltza orain?
Bartzelonako marka batentzat egiten dut lan, dendako bigarren arduradun modura.

Saltzailea izateaz gain gestio lanak ere egiten ditut. Izurriteak zer nolako eragina izan du dendan?
Handia. Eta hori, auzune aberats batean dagoela kontuan izanda; Salamanca auzoan. Dendan bertan iaz baino %40 gutxiago saldu dugu, baina online, dezente gehiago. Mugimendu oso handia dago sarean.

Modari lotutako eduki asko publikatzen duzu sare sozialetan. Lanaren parte da? Edo zaletasun hutsa?
Zarauzko denda ireki nuenean hasi nintzen sare sozialak lanarekin uztartzen, ordura arte ematen nien erabilera pertsonala zelako guztiz. Denbora pasa ahala, sare sozialen bidez gero eta lan gehiago egiten nuen, hala arropa erakusten nola bezeroekin harremanak izaten, eta negozioaren parte garrantzitsua bihurtu zen alor hori. Orain, zaletasun bat da niretzat, baina denbora dezente eskaintzen diot, markekin kolaborazioren bat edo beste egiteko aukerak izaten ari naizelako.

Nolakoak dira kolaborazio horiek?
Nire kasuan, body positive delako esparruan espezializatu naiz; neurri handietako arropan, alegia. Gustukoen ditudan arropekin janzkiak pentsatzen ditut, gero horiek soinean ditudala argazkiak egin eta publikatzeko. Irudiak txukunak izan daitezen saiatzen naiz, argazkiak egiteko tokia eta arropen estiloa uztartzen etab. Nire saltsa da, eta ondo pasatzen dut.

Markek zugana jotzen badute, jarraitzaileak dituzun seinale izango da. Zer nolako harremana duzu haiekin?
Ona, egia esan. Jantziak konbinatzea nahikoa gauza naturala da niretzat, baina jende bati hori egitea asko kostatzen zaiola ohartu naiz. Hala, jarraitzaile horietako batzuek esker oneko hitzak ere izaten dituzte, gustuko estiloa bilatzen laguntzen diedalako. Gainera, argazkietan neurri handiko arropa asko erakusten dudanez, inork idatzi izan dit konplexuak kentzen lagundu diodala aitortuz.