Bisitari asko izan zen Orion lehengo asteburuan

Karkara 2021ko mar. 17a, 16:49
Artxiboko irudia.

Denbora luzez udalerrien arteko mugak itxita egon eta gero, barnealdeko herritar ugarik jo du kostaldera itsasoaz eta inguruetako parajeez gozatzera azken egunotan. Orion larunbatean ibili zen jende gehien, eta eguerdirako auto asko zegoen aparkatuta hondartza aldean. Dena den, kanpineko okupazio maila ez zen oso altua izan.

Aspaldi ez bezala, bisitari ugari izan da asteburuan kostaldeko herrietan, eguraldi kaskarrak –igandean batez ere– gehiegi lagundu ez arren. Lehengo asteartean eman zuen Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan barrena joan-etorriak egin ahal izateko baimena, eta aurreikusita bezala, larunbatean eta igandean bistari dezente izan zen hondartzetan eta inguruetan.

Orioko Antilla hondartzan jende asko ibili zen larunbat goizean eta eguerdi partean; hondarretan gutxi, baina malekoian, hondartzako berdegunean eta inguruko pasealekuetan asko. Herrian bisitari ugari izan arren, Orioko Kanpinean ez zuten gorakada handirik nabaritu. "Eguraldiaren iragarpenak eragin handia izaten du kanpinaren martxan, eta asteburuan ez dugu jende askorik izan. Denboraldiko lehen sarrerak egin ditugu bungalowetan, eta partzeletan ere izan ditugu bezeroak, baina betekada handiegirik gabe", azaldu du Jone Olaskoaga zuzendariak. Gipuzkoarrak izan dira jaso dituzten bisitari gehienak. "Guk mugimendu handiegirik izan ez arren, kanpineko jatetxekoek bazkari asko eman zituzten larunbatean, berandura arte. Jende asko ibili zen egun guztian zehar hondartza aldean".

Datorren asteburura begira, erreserba gehiago dituzte kanpinean. "Oraingoz, 27 partzela eta hamabi bungalow ditugu hartuta", zehaztu du Olaskoagak. Bisitariak hartzeko gogoa duten arren, aitortu du jendea sentsibilizatzen nahikoa lan izaten ari direla. "Kanpina askatasunarekin lotzen da, eta elkarrekin etorri nahi duten kuadrillen edo familien deiak jasotzen ari gara, bost edo sei partzela elkarrekin hartzea eskatuz. Hori ezin da egin orain gauden egoeran. Taldean mugitzeko gogo handia dauka jendeak, eta beldur gara horrek Aste Santuari begira izan dezakeen eraginaz".

Zumaiari dagokionez, asteburuan azkenaldian baino jende gehiago ibili dela antzeman du Igor Aldabaldetreku Txopa tabernako nagusiak. "Pozik gaude. Hala ere, larunbatak udako egun bat zirudien, eta deskontrola nabaritu nuen", ohartarazi du. Bezero kopuruak gora egitea "poztekoa" izan arren, beste herrietako jendeari zerbitzua emateko bertakoei ezetz esan behar izan dietela aitortu du, eta horrek "pena handia" ematen dio.

Batez ere, Gipuzkoa barnealdeko jendea izan zuten Zumaian, Aldabaldetrekuren arabera. "Goierritarrak eta Zumarraga ingurukoak izan genituen tabernan larunbatean, esaterako; baita Euskal Herritik kanpoko despistaturen bat ere", zehaztu du Txopa tabernakoak. Dagoeneko badituzte erreserbak Aste Santurako. "Erreserbekin lan egitea hobea da, lan karga aurreikusteko aukera izaten delako". Baikorra da datozen asteetan egon daitezkeen neurri aldaketei begira, eta laster beren jatetxean afariak ematen hastea espero du.

Zarauzko Turismo Bulegoan ere izan da berritasunik joan den asteburuan. Azken asteetan, zarauztarrek bakarrik jotzen zuten bulegora kontsultak egitera. Larunbatean eta igandean, aldiz, kanpoko bisitariak izan zituzten. Horietatik %30 gasteiztarrak izan ziren, eta gainontzekoak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak. Guztira, 50 lagunetik gora igaro ziren Turismo Bulegotik. Hango langileek azaldu dutenez, malekoian jende dezente ibili zen, espero zitekeen bezala, baina ez zen masifikaziorik izan.

Beteta ere bai

Getarian ere aurreikusten zuten larunbatean jendea ibiliko zela, eta hala izan zen. Haritz Alberdi Getariako alkatearen hitzetan, bisitariak izan dira «bai tabernetan, bai hotel eta ostatuetan; beteta ere izan da zenbait toki". Haren esanetan, ikusi zen jendeak mugitzeko "beharra eta gogoa" zuela. "Dena den, uste dugu oreka egon zela eta errespetuz ibili zela jedea. Gainera, antolaketak berak ere ez du utzi jende pilaketarik gertatzen, edukiera mugatuta dutelako tabernek nahiz ostatuek".

Aste Santuari begira, Alberdi ez da ausartzen ezer aurreratzera: "Ikusi egin beharko da Labi batzordeak zer erabaki hartzen dituen, pandemiak zer eboluzio duen... Ez dago gure esku mugak ireki edo ez erabakitzea. Prebentzio neurrien gainean lanean jarraituko dugu guk". Onartu du Getarian lan asko egiten dela frantziarrekin, madrildarrekin eta kataluniarrekin, baina gertuko udalerrietako herritarrak ere "bisitari garrantzitsuak" direla azpimarratu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!