Orio AEk logotipo berria estreinatuko du igandean jokatuko den jaitsieran

Iñigo Gaiton-Mireia Galarza 2021ko mar. 19a, 20:00

Orio Arraunketa Elkartearen historian, logotipoa berritzen duten hirugarren aldia da oraingoa.

Ostegun goizean aurkeztu zuten Arraunetxen Orio Arraunketa Elkartearen logotipo berria. Elkartearen historian hiru aldiz berritu dute; 60ko hamarkadan sortu zuten aurrenekoa, moldatu egin zuten 80ko hamarkadan, eta orain, berriro eraberritu dute. "Zuzendaritza berriko kideok lehengo urtean hasi ginen  lanean, eta, nolabait, elkarteak jende, asmo eta ideia berriak dituela gorpuztu nahi izan dugu aldaketarekin", azaldu du Xabier Sukia Orio AEko zuzendaritzako kideak. 
Sukiarentzat, logotipoa "ez da berria", lehengoaren eguneraketa bat baizik. "Aurrekoa garai berrietara egokitzeko saiakera bat egin dugu, modernizatzen saiatu gara".

Orion arrauna oso modu berezian bizi izan da betidanik, eta horren jakitun izanik, logotipoa berritzeko erabakiak "buruko minak" eragin dizkie zuzendaritzakoei. "Ez da izan bat-batean hartutako erabakia. Asko pentsatu dugu, herritarrak etxeko traineruekin eta kamiseta horiarekin oso identifikatuta sentitzen direlako. Halere, argi dugu aldaketa onerako izan dela; logotipo zaharraren jarraipena da oraingoa, ez dago hausturarik".

Euskara hutsean
Zaharrarekin konparatuz gero, baditu zenbait moldaketa logotipo berriak; euskara hutsean egin dute, eta hori da berritasun nagusietako bat. "Kendu egin dizkiogu CRO inizialak, gaur egun ez zaizkigulako beharrezkoak iruditzen. Erabateko presentzia eman nahi izan diogu euskarari. Guretzat, arrauna eta euskara eskutik helduta doaz".

Aldaketekin jarraituz, zutik zeuden bi arraunak kendu egin dituzte logotipo zaharretik, eta goiko aldean, erdian, egin zaie tokia Olinpiar Jokoetako uztaiei, "elkartearen bereizgarrietako bat" direla iritzita. Orokorrean, "borobiltasuna" eman nahi izan diote itxura berriari: "Mirotzak lehendik bazuen borobil itxura hori, estrapuak borobilak dira, ziaboga borobilean ematen da, Oriok bi o hizki ditu... Elkartearen eta herriaren betiko izaera mantendu dugu, logotipoari jantzia berrituta". Sukia oso eskertuta agertu da Iñigo Gaztañazpi eta Gabri Alonso egileekin, "lanerako erakutsi duten borondateagatik". 

Estreinaldia jaitsieran
Orio AEk babesle berria ere estreinatuko du igandean, logotipoarekin batera. Horrek guztiak poz handia ematen dio Iosu Esnaola elkarteko presidenteari. «Hasieran beste data bat jarri genuen jaitsiera egiteko, baina izurriteagatik ezin izan genituen estropadak egin. Ondo bidean, igandean 30 txalupak jardungo dute lehian. Hitzordu garrantzitsua da elkartearentzat». 

Pandemiak eragindako egoerara egokitzeko, traineru kopurua mugatzea beste aukerarik ez dute izan. "Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruak eta Gipuzkoako taldeak izango dira ibaian, eta ordubeteko ikuskizuna izango da". 

Oriaren Jaitsieraren antolaketan boluntarioek egiten duten lana azpimarratu du presidenteak. "Beste edizioetan 50 laguneko taldea jarduten da lanean, eta aurten 35 izango dira. Haiek gabe ezingo litzateke halako estropada bat egin". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!