Dokumentazio lanetan ari da udala, adineko oriotarren ahotsa biltzeko

Karkara 2021ko mar. 30a, 18:00

Divina Lanberriren testigantzak ere jaso dituzte, besteak beste.

Edadeko oriotarren ahozko testigantzak jaso eta katalogatu nahi ditu Orioko Udalak, ahotsak.eus webgunea kudeatzen duen Badihardugu elkartearekin elkarlanean.

Orioko Udalak argitarara emandako oharrean zehazten duenez, "adineko jendea altxor bat da, emateko asko daukana: hizkuntza bizi-bizia, eskarmentua, jakintza, kontakizun ederrak". Hori dela eta, Badihardugu elkartearekin batera, Orioko jendearen testigantzak jasotzen ari dira, ondare hori guztia ahotsak.eus webgunean publikatzeko.

Iaz abiatu zuten elkarlanari esker, dagoeneko 14 oriotarren testigantzak jaso ditu Badihardugu elkarteak ahotsak.eus webgunean: batzuk bideoan eta beste batzuk audioan. Aurrerantzean, testigantzak jasotzen eta katalogatzen jarraitu nahi dute. Orain artean bildutako ondarea udalaren webgunean ere ikus daiteke, helbide honetan: https://orio.eus/orio/orioko-ahotsak
 

Udalaren iritziz, edukiaren aldetik eta hizkuntzaren ikuspegitik oso interesgarriak dira hor aurkitu daitezkeen grabazioak, eta zerrenda osatzen eta aberasten jarraitzeko asmoa agertu dute.