Orio Sinergia taldeak Euskadi mailako txapelketa jokatuko du

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 12a, 11:20

Sinergia Orio taldeak kadete mailako Gipuzkoako Lehentasunezko Euskal Ligan parte hartu du, eta jokatutako partida guztiak irabazi ditu, bere multzoan lehen postuan sailkatzea lortuz.

Datorren apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean eta 2an Euskal Eskubaloi Federazioaren Euskadiko Txapelketa edo Fase Autonomikoa jokatuko da eta bertan parte hartzeko txartela lortu du Orio Eragin klubeko kadete mailako Sinergia Orio taldeak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zortzi talde onenek parte hartuko dute txapelketan eta oriotarrak saiatuko dira maiatzaren erdialdean jokatuko den Euskal Ligako finalerako txartela lortzen.
 
Orio Eragin Klubeko arduradunak "oso gustura" daude emaitzarekin. Izan ere, kadete mailako Gipuzkoako Lehentasunezko Euskal Ligan parte hartu du taldeak eta jokatutako partida guztiak irabazi dituzte neskek; lehen postuan amaitu dute lehen fasea, Zarauzko Aiala, Zumaiako Pulpo eta Donostiako Bera-Bera mendean hartuz. Taldea Orioko eta Aiako neskek osatzen dute, eta "Euskadiko zortzi talde onenen artean sailkatzea lorpen handia" dela uste dute klubeko kideek. "Taldeak urtean zehar erakutsi duen laguntasun, esfortzu eta hobetzeko grinaren saria izan da. Orain, datozen bi hilabeteetan Euskadiko onenen aurka lehiatzeko gogor entrenatzen jarraituko du taldeak", azaldu dute.
 
Datozen bi asteetan (apirilak 18an eta apirilak 25ean) Sinergia Orio Eskubaloi taldeko jokalariek Oñatiko Aloña Mendi taldearekin joan-etorriko partidak jokatuko dituzte, hura izan baita Gipuzkoako Lehentasunezko Euskal Ligako beste taldeko garailea. Hala, Gipuzkoako kadete mailako lehen postua irabazteko lehiatuko dira bi taldeak.
 
Neolith taldea
Orio Eragin Klubeko kadete mailako Neolith Orio taldeak, berriz, larunbatean partida jokatu zuen Karela kiroldegian, Usurbil B taldearen aurka. Emaitza 21-18 izan zen, eta Gipuzkoako A Ligan bigarren postuan mantentzea lortu dute oriotarrek.
 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!