Ligako lehen garaipena lortu du OBBk asteburuan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 14a, 08:52

Igandean, etxean jokatu zuten 3. jardunaldia, Projecte Gava taldearen aurka.

Orioko Bate Bizkorrak taldeko neskek abiatu dute Espainiako Ohorezko Sofbol Liga eta igandean 3. jardunaldia jokatu zuten etxean, Bartzelonatik etorritako Projecte Gava taldearen aurka. Eguraldia txarra izan arren, bi partidak jokatu zituzten Mendibeltz zelaian.

Lehenengo partidan oriotarrek gogor jokatu zuten, baina Projecte taldea izan zen garaile,  3-4 emaitza lortuta. Bigarren partida, ordea, desberdina izan zela aitortu dute OBBko kideek. "Hasieratik oso gogor jokatu genuen. Gure taldeko jaurtitzaile Igone Etxeberriak lan bikaina egin zuen eta aurkariei ez zien utzi lasterketarik egiten. Guk bi lasterketa bakarrik egin genituen, 3. sarreran; Sara Loidi eta Maialen Pison izan ziren baseetara iritsi zirenak", adierazi dute. Bakoitzak lasterketa bana egin zuen eta oriotarrak aurretik jarri ziren markagailuan. Partida gogorra izan arren, oriotarrek partida irabaztea lortu zuten.

Asteburuan lortutako emaitzei esker, OBBko neskek ligako lehen garaipena lortu zuten. Hala, taldeko kideek azpimarratu dute Carla Novellak eta Igone Etxeberriak egindako lana.

Hurrengo asteburuan oriotarrak Galizira bidaiatuko dute, eta CBS Cambre izango dute aurkari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!