Baratze parkea udazkenean irekitzea aurreikusten du udalak

Iñigo Gaiton 2021ko api. 15a, 14:01

Paloten gunean 40 partzela egokituko ditu Orioko Udalak, herri baratzeak sortzeko. Uda hasieran izango da izena emateko aukera, eta zozketa bidez erabakiko dira partzelen izendapenak.

Baratze parkearen kudeaketa esleitzeko udal araudi erregulatzailea onartu zuen lehengo hilean Orioko Udalak, udalbatzarrak martxoaren 25ean egindako bilkuran. Zinegotziek aho batez onartu zuten ordenantzarekin, beste aurrerapauso bat eman da baratze parkeen egitasmoa gauzatzeko bidean.

Ainara Munduate Hirigintza batzordeburuak azaldu duenez, izurritearen ondorioz, nahi baino beranduago jarriko dute martxan. «Oraingo agintaldia hasi eta gutxira onartu zen proiektua abiaraztea, baina horretara bideratutako diru partidak geldiarazi egin behar izan genituen, osasun krisiak hala behartuta; koronabirusaren aurrean, lehentasunezkoa iruditu zitzaigun udal baliabideak herritarren ongizatea bermatzera bideratzea», azaldu du.

Orain, berreskuratu egin dituzte orduko partidak, proiektua abiarazteko. Udalbatzarrean ordenantza onartu eta gero, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertu eta 30 lan egun egon beharko du jendaurrean. Gero, izen ematea irekiko dute.

40 partzela
Dagoeneko hasi dira udalak Paloten gunean dituen lurretan egokitze lanak egiten. Garbiketan jardun dute, eta nekazaritza lanetan aritzeko materiala eta erremintak gordetzeko erabiliko den egurrezko etxola ere jarri dute. Kimubat enpresak egokitu du ingurua.

Udalak aurreikusten duenez, Paloten gunean 40 partzela egokituko dira, eta litekeena da gehiago ere izatea, batzordeburuak emandako informazioaren arabera. Gehienak 40 metro koadroko azalerakoak izango dira, eta gutxi batzuk 60 metro koadrokoak. Araudian zehazten denez, ezingo da saldu herri baratzeetan jasotako uztarik. «Autokontsumoa sustatzea da, besteak beste,  proiektuaren xede nagusietako bat», gehitu du Munduatek.

Izen ematea uda hasieran
Herrian dagoen interesa ikusita, partzelen izendapena zozketa bidez egin beharko dela uste du zinegotziak. «Partzelarik tokatzen ez zaienekin zerrendak osatuko dira, eta baten batek kontzesioari uko egingo balio, hasieratik edo geroago, zerrenda horietara joko da. Lau urteko kontsezioak egingo ditugu».

Uda hasieran irekiko dute  izen ematea, eta partzelak udazkenean egongo dira erabilgarri. Baratzeetan nekazaritza ekologikoa egin beharko da derrigorrean, eta Ekogunearen laguntza izango dute erabiltzaileek horretarako.
 Proiektuak izan ditzakeen onurak aletu ditu Munduatek, bukatzeko: «Autokontsumorako aukera izatea, umeei elikagaiak nondik datozen erakustea eta belaunaldien arteko ezagutza transmisioa, besteak beste».

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!