15 eta 10 koronabirus kasu izan dira Orion eta Aian azken egunetan, hurrenez hurren

Andoni Elduaien 2021ko api. 19a, 13:21

Positiboen goranzko joera nabarmena izan da ostiralean, larunbatean eta igandean egindako frogetan, eta intzidentzia tasek gora egin dute eskualdeko herri gehienetan. Orion 1.027,40 da tasa gaur gaurkoz, eta Aian 1.410,58.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta datuek nabarmen egin dute gora Urola Kostan. Gorakada hori antzeman da Orion eta Aian ere, hamabost eta hamar zifra detektatu baitira bi herrietan azken egunetan. Hala, Oriok 1.027,40ko tasa du gaur gaurkoz, eta Aian 1.410,58 da zifra.

Guztira,  eskualdean 190 kasu atzeman dituzte ostiraletik igandera bitartean, joan zen astelehenean baino 54 gehiago, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiek 400dik gorako intzidentzia tasa dute uneotan.

Positiborik gehien Zarautzen atzeman dituzte: 81. Joan zen asteko datuekin alderatuta nabarmen egin dute gora positiboek Urola Kostako herririk handienean, eta intzidentzia tasak ere goranzko joera du; gaur-gaurkoz, 1.105,07ko intzidentzia tasa dute. Azkoitian ere egoera ez da askoz hobea, joan zen asteartetik eremu gorrian dago Azkoitia, eta egoerak ez dirudi hobera egiteko itxurarik duenik; izan ere, 28 kasu berri hauteman dituzte han azken hiru egunetan, eta 1.301,84ko intzidentzia tasa du uneotan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena.

Bestalde, Zumaian ere 28 kasu berri atzeman ditu Osasun Sailak, eta astebetean eremu laranjatik gorrira igaro da. Gaur-gaurkoz, 936,20ko intzidentzia tasa dute han, eta bihartik aurrera itxiera perimetrala izango dute. Azpeitian ere antzeko egoera dute, 17 kasu berri zenbatu baitituzte azken hiru egunetan, eta 492,77ko intzidentzia tasarekin eremu gorrian dago herria. Beraz, bihartik aurrera itxita egongo da Urola Erdiko herririk handiena ere.

Eskualdeko 5.000 biztanletik beherako herrietan ere ez du etenik COVID-19 gaitzaren hedapenak. Getarian azken hiru egunetan lau kasu berri egon dira, 1.307,42ko intzidentzia tasa dute uneotan. Zestoan, aldiz, zazpi kasu hauteman dituzte, eta 590,65ekoa da tasa. Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratuko du bihartik aurrera itxita egongo diren herrien zerrenda, eta litekeena da herri horiek zerrenda horretan egotea.

Hegoaldean ere gaizki

Hego Euskal Herrian, guztira, 773 kasu positibo hauteman zituzten atzo, eta 8.624 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan. Positiborik gehien Gipuzkoan zenbatu zituzten (302), eta, ondoren, Bizkaian (253), Nafarroan (140) eta Araban (71). Bestalde, ospitaleratze kopuruak gora egin du herrialde osoan: 495 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 200dik gora Nafarroakoetan. ZIUetan ere gora egin du erien kopuruak: 147 daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 42 Nafarroan. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %8,7koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %10,2koa Nafarroan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!