Udal eraikinak itxita egongo dira bihar, sindikatuek deitutako grebagatik

Karkara 2021ko api. 21a, 19:16

Orioko Udaleko langileek bat egin dute biharko grebarekin. Hiru eskaera egiteko deitu dute greba egitera Euskal Herriko sindikatu nagusiek: enplegu publikoa sortzea, behin behineko lanpostuak kontsolidatzea eta zerbitzu publikoak defendatzea.

Euskal Herriko sindikatu nagusiek —ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK-k) greba deitu dute ostegunerako, hiru eskari nagusi hauek egiteko: enplegu publikoa sortzea, behin behineko lanpostuak kontsolidatzea eta zerbitzu publikoak defendatzea. Greba orokorraren deialdia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publiko osoan egin da.

Orioko Udaleko langileek grebarekin bat egitea adostu dute, batzarrean bilduta. Horren ondorioz, bihar itxita izango dira udaletxea, kultur etxea, musika-eskola eta orokorrean, udal-langileek irekitzen dituzten udal-eraikin guztiak. Legeak ezarritako zerbitzu minimoak baizik ez dituzte emango udal-langileek.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!