Emakumeen atletismo taldea sortu dute Orion, eta 45 kide inguru ditu jada

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 22a, 12:00

Kamel Ziani Atletismo Klubaren barruan sortu dute taldea eta maila eta adin desberdinetako emakumeek osatzen dute .Martxoan kirola probatzeko saioak antolatu zituzten

Martxoan emakumeen atletismo taldea sortu zuten Orion, Kamel Ziani Atletismo Klubaren barruan, eta egun ia 50 neska inguru dabiltza korrika. Aitor Rubio klubeko arduradunetako batek azaldu duenez, «otsailean KARKARA aldizkarian argitaratu zuten korrikarako zaletasunaren inguruko erreportajetik sortu zen ideia». Izan ere, klubeko kideek bertan aipatu zuten gustatuko litzaiekeela emakumeak ere taldean parte hartzea, ordura arte kadete mailako neska bakarra zebilelako. «Orduan, hiru neska jarri ziren gurekin harremanetan korrika hasi nahi zutela esanez», adierazi du Rubiok. Atletismo taldeko kideek beren entrenatzeko modua azaldu zieten, eta pixkanaka herrian nesken taldetxoa sortzeko aukeraren berri zabaldu zen. «Bat-batean 54 emakumek eman zuten izena proiektuan. Gu geu ere harrituta geratu ginen erantzunarekin. Bilera egin genuen, eta denon artean erabaki genuen bost astetan zehar kirola probatzeko entrenamendu saioak egitea, gustatzen zitzaien erabaki zezaten».  

Proba aldiaren ondoren, 45 emakume inguruk jarraitu dute korrika, eta «oso gustura» daude entrenatzaileak.

Hiru azpi talde
Emakume talde handia denez, erritmo eta maila desberdinetako kideak bildu dira. Horregatik, azpi taldeak egin dituzte entrenatzeko. «Badira emakumeak korrika asko egitera ohituta daudenak eta urte asko daramatenak. Beste batzuk, berriz, korrika jardundakoak dira, baina denbora daramate kirolik egin gabe. Badaude baita ere kirol pixka bat egiteko asmoz animatu direnak taldean parte hartzera», azaldu du Rubiok.

Horregatik, hiru talde osatu dituzte, bakoitza bere martxan joan dadin, eta talde bakoitzarekin entrenatzaile bat ibiltzen da. Astean hiru entrenamendu egiten dituzte: bi egunetan taldeko entrenamenduak egiten dituzte entrenatzaileekin, eta hirugarren entrenamendua korrikalari bakoitzak nahi duenean egin dezake. «Taldekako entrenamenduetan, esaterako, saiatzen gara arlo desberdinak lantzen: aldapak, serieak, indarra lantzeko ariketak, abdominalak, luzaketak... beti entrenamendu bera izan ez dadin».

Korrikak batzen ditu
Rubioren iritziz, taldea ulertzeko kontuan izan behar da korrikalari bakoitzak helburu desberdinak dituela. «Batzuk lasterketetan parte hartu nahi dute eta beste batzuk, berriz, entrenatzeko asmoz dabiltza taldean». Libana Taboada da taldeko parte hartzaileetako bat. Beti gustatu izan zaio talde kirola eta bakarrik korrika eginda aurkitu ez duena topatu du taldean. «Arraunean ibili izan naiz urte luzez. Utzi nuenetik kirol desberdinak probatu ditut, baina konstantzia gehiegirik gabe. Horregatik, niri gehien motibatu nauena da talde izaera. Adin eta maila guztietako emakumeak bildu gara, baina desberdinak bagara ere, korrikarako zaletasunak batzen gaitu eta uste dut hori dela taldearen aberastasuna. Giro ederra dugu gure artean eta jende asko ezagutzeko aukera eman dit», dio.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!