Euskal Pilota Egokituko Master Cup Txapelketan lehiatuko da Joseba Altuna

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 22a, 17:45

Igande honetan ekingo diote lehiari Oiartzunen, eta lau bikote onenak maiatzaren 16ko finalerako sailkatuko dira. Getarian jokatuko dira finaleko partidak.

Inoizko parte hartzerik handienarekin jokatuko da Euskal Pilota Egokituko Master Cup Txapelketa, hurrengo bi asteburuetan,  Oiartzunen eta Getarian. Guztira, 34 pilotari arituko dira lehian: alde batetik, hemezortzi adimen urritasuneko mailan, seina bikote hiru taldetan banatuta; eta bestetik, hamasei gurpildun aulkiko mailan, bi taldetan banatutako zortzi bikotetan. Izena eman duten pilotarien artean Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta Frantziako pilotariak daude.

Adimen urritasuneko kategorian, Joseba Altuna oriotarrak parte hartuko du Haritz Lertxundi zarauztarrarekin bikotea osatuta. Lehen taldean ariko dira lehian, eta partidak hamabost tantora jokatuko dituzte.

Osasun egoerak baldintzatuta pilotalekura gerturatzerik izango ez denez, Oiartzuneko kanporaketak Emakume Master Cupeko facebook ataritik jarraitu ahal izango dira streaming bidez. Goizez, adimen urritasuneko partidak jokatuko dituzte, eta arratsaldez gurpildun aulkikoak. Lau bikoterik onenak finaletarako sailkatuko dira. Maiatzaren 16an jokatuko dira, Getarian, 12:00etatik aurrera, eta ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!