"Bertako basoa da tokiko klimari ondoen moldatutakoa, gure historiari eta kulturari gehien lotutakoa"

IƱigo Gaiton 2021ko api. 23a, 14:50

Bertako basoei indarra ematearen onurak asko direla iritzi diote Amaia Urkola eta Arturo Elosegi Herrio natur taldeko kideek. Hori dela eta, hitzaldia antolatu dute biharko Arraunetxen, Lurgaia Fundazioak basoak berreskuratzen egiten duen lana ezagutzera emateko.

Datozen urteetan basoetan aldaketa handiak etor daitezkeela iritzita, Herrio natur taldeak Orio inguruko basoak berreskuratzeko saiakera egin nahi du. Lanketa horrekin hasteko, gaiaren gaineko hitzaldia antolatu dute   Arraunetxen larunbaterako. 18:30ean emango zaio hasiera hitzorduari, eta Lurgaia Fundazioko kideak jardungo dira hizlari modura. 

«Gure inguruko basoen etorkizunaz pentsatzeko unea iritsi dela uste dugu. Pinua gainbeheran doa, eta beste espezie batzuk ari dira horren ordez sartzen: eukaliptoa, kriptomeria eta beste hainbat. Lurgaia Fundaziokoek egiten duten lana oso interesgarria iruditzen zaigu, eta horregatik gonbidatu ditugu Oriora, haien proiektuen berri eman dezaten», azaldu dute Amaia Urkola eta Arturo Elosegi Herrio natur taldeko kideek.

Gaia ez da berria natur taldekoentzat, aspaldi hasi baitziren bertako zuhaitz espezien hazien bilketak, banaketak eta landaketak egiten. Orain, urrats bat gehiago eman nahi dute, onurak asko izan daitezkeela sinetsita. «Bertako basoak bermatuko du,  beste edozein basok baino gehiago, bertako iturrietako uren kalitatea edo bertako biodibertsitatea. Beste hainbat arlotan ere eragin ditzake onurak; besteak beste, garaiotan hainbeste aipatzen den turismoan», eman dute biek jakitera.

Gehiago sakondu dute azken puntu horretan. «Turismoak gero eta indar handiagoa du Orion. Gure ustez, bisitariek gero eta gehiago begiratuko diote herrigunetik kanporako inguruneari. Orioko Kanpinetik, adibidez, pinua eta eukaliptoa dira ikusten diren zuhaitz nagusiak. Bertako zuhaitzekin osatutako basoa izango bagenu, beste kalitate bat emango lioke kanpinari, eta zer esanik ez, Itsaspeko bideari». 

Lur pribatuekin lana
Lurgaia Fundazioak egiten duen lanean oinarrituz, herriko lur-jabeekin elkarlana egin nahi dute. Horrela, lur publikoetan lan egiteaz gain, eremu pribatuko basoetan eragiteko aukera ere izango lukete. «Lurgaia Fundazioak, esaterako, zenbait lur erosi egin ditu, baina ez da zertan sal-erosketa batera iritsi behar; konpentsazioak ere egiten zaizkie lur jabeei, bertako basoak indartu ditzatzen. Lurgaiakoen kasuan, zenbait jabe zein udalek beren lurrak ere eskaini dizkiote fundazioari, berreskuratu ditzaten».

Gaia bertako espezietara ekarriz, Orion haritza, haltza, lizarra eta gereziondoak ondo haz daitezkeela uste dute: «Dena den, ez dugu espezie zehatzen aldeko hauturik egin. Orokorrean, bertako basoa da bertako klimara hobekien moldatutakoa, eta gure historiari eta kulturari ere gehien lotutakoa». 

Baso bat berreskuratzeko zenbat denbora behar den galdetuzaie: «Egoeraren arabera asko aldatzen da. Kasu batzuetan, zuhaitz arrotzen azpian bertako zuhaiskak hazten dira, modu naturalean. Horiek, urte gutxiren buruan, basoska bat garatu dezakete. Beste kasu batzuetan, berriz, zuhaitz landarea sartu beharko da, eta horrek denbora gehiago eskatzen du. Bestalde, izan daitezke bere kasa basotuko diren lekuak ere». 

Onurak urte gutxira 
Onurak urte gutxiren buruan ager daitezkeela diote, batez ere biodibertsitateari begira. «Denbora pasatu ahala, berreskuratutako baso horiek gero eta balio handiagoa hartuko dute. Pinudi eta eukalitpoekin kontrakoa gertatzen da: bi zuhaizti mota horiek oso maiz mozten direnez, beti balio natural baxuan mantentzen dira».

Bien iritziz, proiektua gauzatuz gero, onuradun nagusiak herritarrak izango dira: «Pandemia honek erakutsi digu zenbateko beharra dugun ingurune naturarena. Gainera, alde ederra dago zuhaitz-landaketa intentsibo eta itxi baten inguruan ibiltzetik bertako baso osasuntsu batean paseatzera!», agurtu dira baikor.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!