“Urtea zaila izan da zentzu guztietan, eta batzar orokorraren balorazioa oso ona da; lasaitua hartu dugu”

Iñigo Gaiton 2021ko api. 25a, 17:04

Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza berriaren aurreneko batzar orokorra izan da atzo egindakoa, iazkoa pandemiagatik bertan behera geratu eta gero. Xabier Sukia elkarteko komunikazio arduradunak bilkura “oso parte hartzailea” izan zela nabarmendu du.

Berrogei bazkide inguru juntatu zituen atzo goizean Orio Arraunketa Elkartearen ohiko batzar orokorrak. Nora Makazaga idazkariak, Josu Esnaola presidenteak eta Luis Perez diruzainak hartu zuten oholtza hamaiketan, eta aurreikusitako zazpi puntuak lantzeari ekin zioten.

Xabier Sukia elkarteko komunikazio arduradunarekin hitz egin du KARKARAk atzoko saioaren balorazioa egin dezan, eta gustura agertu da biharamunean: “Egia esan, gogo handia genuen batzarra egin eta bazkideekin elkartzeko. Azken urte hau oso zaila izan da zentzu guztietan; ez da garai samurra izan zuzendaritza berri baten ibilera hasteko. Atzoko bilera ondo joan zela ikusita lasaitua hartu dugu zuzendaritzako kideok, eta indarberrituta atera gara aurrera begira ditugun proiektuekin jarraitzeko”.

Batzarrean landutako puntu guztiak onartu zituzten bazkideek, eta Sukiak aipatu duenez, “saioa oso parte hartzailea” izan zen. “Jende dezentek altxatu zuen eskua galderak, proposamenak eta ekarpenak egiteko, eta hori oso ona da”, azaldu du pozik.

Proiektu berriaren aurkezpena
Sukiaren esanetan, bi zatitan banatu behar da atzo hitz egindako guztia: batetik, ohiko puntuak landu eta onartu ziren —zuzendaritza berriaren aurkezpena, azken batzarreko aktaren irakurketa eta onespena, kirol emaitzei errepasoa, balantze ekonomikoa eta aurrekontua…—; bestetik, zuzendaritzak eskuartean duen proiektua aurkeztu zuen. “Landu dugun proiektua bazkideei ondo azaltzea oso garrantzitsua zen guretzat, eta horretarako baliatu nahi genuen atzoko saioa”, eman du jakitera.

Sei hanka ditu Orio Arraunketa Elkarteak datozen urteetarako diseinatu duen proiektuak: Arraun eskola, Goi mailako arrauna, Arraunetxe —eraikinaren potentzialari etekina ateratzea—, Babesleak, Nazioartea eta Denda. “Asko pentsatu eta hausnartutako erabakiak hartu ditugu zuzendaritzan, eta argi dugu nora jo nahi dugun. Horregatik, orain arte eman ditugu urrats guztiak sei ildo horiek indartzeko asmoarekin egin dira”, gehitu du.

Momentu honetan, Arraun eskola dute lehentasunetako bat: “12 urtetik 18ra bitarteko 110 neska-mutil ditugu gaztetxoen taldeetan, arraunlari izandako 8 irakasleren gidaritzapean. Sekulako potentziala dago hor. Hamar urtean orain egiten ari garen lanketari eutsiz gero, etxeko txalupek txispak aterako dituzte etorkizunean. Orion beti egin da harrobiko lana, baina are gehiago indartu nahi dugu. Heziketa modu bat planteatuko dugu, arrauna bizitza ikusteko modu bat izan dadin; mundu ikuskera bat eman nahi diegu gaztetxoei, arraunean oinarrituz”.

Marka berriaren gaineko argibideak
Oriaren jaitsieraren aurretik marka berria aurkeztu zuen Orio AEk. Gai hori ere atera zen atzoko bileran. “Autokritika egin nahi dugu horren harira, gaizki ulertuak egon direlako; ez genuen asmatu jaitsieraren aurretik gauzak behar bezala azaltzen”, argitu du Sukiak.

Bere hitzetan, martxoan aurkeztutako markak ez du betiko armarria ordezkatuko. “Hau ondo ulertzea nahi genuke: zuzendaritzak abiatu duen ziklo berria azpian biltzen du marka berriak. Lehengo armarria ez da desagertuko, eta gurekin jarraituko du. Biak elkarrekin lotuta daude, marka komertziala betiko armarritik jaioa delako. Testuinguruaren edo jardueraren arabera erabakiko da bietako zein erabili", eman du jakitera. Gustura agertu da Sukia, bazkideekin elkar ulertzera iritsi zirelako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!