Orioko Bate Bizkorrak taldeak ez du garaipenik lortu asteburuan

IƱigo Gaiton 2021ko api. 27a, 14:47

Sant Boi taldearen kontra bi partida jokatu zituzten etxean Orioko softbol jokalariek, eta galtzaile izan ziren bietan. Datorren asteburuan Madrilen izango dira.

OBBk ligako bosgarren jardunaldia jokatu zuen Mendibeltzen asteburu honetan. Ohi bezala, jardunaldiak bi partida izan zituen, eta oriotarrek biak galdu zituzten Sant Boi taldearen aurka.

Aurreneko partida nagusitasunez irabazi zuten kataluniarrek, eta 3-15 emaitzarekin bukatu zen. Aipatzekoa Amaia Larraza pilota jaurtitzailearen lana; berak egin zituen aurreneko lau jaurtiketak, eta aurkariei ez zien utzi markagailuan aldentzen.

Eten txikiaren ondoren, bigarren partidari ekin zioten bi taldeek. Aurreneko minutuetan Sant Boik aurrea hartu zuen, baina oriotarrek azkar erreakzionatu zuten Maialen Pisonen korrikaldi ikusgarriari esker. Hurrengo txandan, ordea, OBBkoek akatsak egin zituzten, eta bisitariek horiek aprobetxatuz aurrea hartu zuten, 4 puntu aurretik jartzeraino. Partida amaieran, 1-8 izan zen emaitza.

Datorren asteburuan Madrilera bidaiatuko dute oriotarrek, Dridma taldearen aurka indarrak neurtzeko.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!