Ahalduntze Eskolak uda bitarteko programa eman du argitara

Iñigo Gaiton 2021ko api. 29a, 11:17
Jende asko juntatu zen Arraunetxen pasa den martxoan, Tarana Karimek emandako hitzaldian.

Aurreko hiruhilekoan egindako jarduerak «oso ondo» baloratu dituzte parte-hartzaileek.

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak aste honetan plazaratu du datozen hilabeteetarako antolatu duten egitaraua. Ikastaro, tailer eta bestelako ekitaldiekin ondu dute maiatzeko eta ekaineko programa. 
Eider Goiburu Ahalduntze  Eskolako berdintasun teknikariaren esanetan, bi oinarri hartu dituzte kontutan ekimen horiek guztiak antolatzeko. «2019an egindako Emakumeen Beharren Diagnosian jasotako eskaerak asebetetzen saiatu gara, eta bestetik, Ahalduntze Eskolaren lau lan ildoei erreparatu diegu: Gorputza eta osasuna, Saretzea eta parte hartzea, Autonomiarako baliabideak eta Indarkeria matxista». 

Bestalde, aurreko hiruhilekoan egindako jardueren balorazioa egin du : «77 lagunek parte hartu zuten ekimen desberdinetan. Horiek jardueren ostean erantzundako galdetegien arabera, balorazioa bikaina da, eta oso gustura gaude»

EGITARAUA
Ikastaroak-tailerrak
- Nekearen etsipenetik barne indarrera. Neke fisikoak gorputzean eta osasunean duen eragina eraldatzen ikasteko ikastaroa. Sendotze eta ahalduntze prozesuan urrats berriak eraikiko dira bi orduko lau saiotan, «emozio talkek sortzen duten barne zuloari argia jartzeko» helburuarekin. Aikari Lizasok gidatutako saioak. Maiatzak 5, 12, 19 eta 26. Salatxo aretoan, 10:00etatik 12:00etara. Elebitan.
Prezioa: 20 euro.  
- Arteterapia emakume artean.  «Norberaren barruan dagoen izaki sortzailea azaleratzea» helburu duen ikastaroa. Autoezagutzari bide emango zaio saioan, rol eta etiketetatik haratago joan eta pertsona bakoitzaren benetazkotasuna bilatuz. Ordu eta erdiko zortzi saio, Edurne Imazen gidaritzapean. Apirilak 30, maiatzak 7, 14, eta 28, eta ekainak 4,11 eta 18. 18:15etik 19:45era, Salatxon. Prezioa: 40 euro.
- Errealitatea eraldatzen: eskubideak guztiontzat.  Ulermen prozesu kolektiboak bultzatzea helburu duen tailerra, Malen Etxeako Silvia Carrizoren gidaritzapean. Emakume etorkinen parte hartze aktibo eta informatua bultzatuko da, etxeetan lan egiten dutenen eskubideen alde egiteko. Maiatzak 29, 15:30etik 18:30era. Kultur etxeko areto nagusian. Gaztelaniaz. 

Ekitaldiak
- Zinegoak emanaldiko laburmetraien proiekzioa. Zinegoak, Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko jaialdia da. Edizio honetako leloa Zalantza izpirik gabe da, eta begirada jarri dute beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotarioko oriontazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementuratzn modu natural batean zabaldu dutenengan. Apirilaren 29an Arraunetxen, 19:00etan. Sarrerak Ahalduntze Eskolan eta Arraunetxen salgai, emanaldiaren aurretik.
- Moio liburuaren aurkezpena. Kattalin Minerrek idatzitako liburuaren aurkezpena eta solasaldia, idazlearen presentziarekin. Aimar Elosegi Moio-ren bizitza eta heriotzaren erretratu eta memoria osatzeaz gain, pertsona transexualek gainditu beharreko oztopo ikusgarri zein ikusezinak biltzen ditu liburuak, besteak beste. Maiatzak 26, 18:00etan, kultur etxeko areto nagusian. 
Ikasturte itxiera festa. Ikasturte bukaerako ospakizuna, Ahalduntze Eskolan parte hartu duten guztiekin. «Bizitako esperientziak elkarbanatzeko» baliatuko dute hitzordua. Ekainak 25. 

Aholkularitza saioak
- Aholkularitza juridikoa. Prozesu judizialen inguruko informazioa eskuratzeko saioak: prozesuen ondorioak, ikuspuntu feminista, burujabetza... Kontsultak egiteko gaiak: dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, laguntza sozialak... Garazi Pagola eta Macarena Mugica. Maiatzak 31 eta ekainak 21. Ahalduntze Eskolaren bulegoan. Aldez aurretik hitzordua hartu behar da. 
- Indarkeria Matxista Bidelaguntza eta Aholkularitza Zerbitzua. Indarkeria matxista (LGTBIQ+ fobia, indarkeria sexita eta genero indarkeria) jasan dutenentzat aholkularitza eta laguntza, indarkeria kasuei harrera eginez, zerbitzu desberdinetara bideratuz (aholkularitza psikologikoa, juridikoa...), indarkeria matxista kasuetan herriko erakunde publikoetara lagunduz eta parekidetasunarekin lotutako erakunde eta elkarteekin harremanak erraztuz. Astero hiru egun. Astelehena 16:00-20:00; asteazkena 10:00-13:00; ostirala 16:00-20:00. Ahalduntze Eskolaren bulegoa. Aldez aurretik hitzordua hartu behar da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!