Igerileku berria izango du udal kanpinak, baita ur txorro eta aisialdi gunea ere

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 3a, 09:04

Ia 1.400 metro koadroko azalera edukiko du guneak, eta 850.000 euroko aurrekontua. Lanak urrian hastea aurreikusi du udalak. Proiektua osteguneko udalbatzarrean aho batez onartu zuten udalbatzarra osatzen duten hamahiru zinegotziek.

Udal kanpinean igerileku berria egiteko proiektua onartu du Orioko Udalak. Osteguneko udalbatzarrean aho batez onartu zuten udal taldeetako hamahiru ordezkariek egitasmoa. Helburua da igerileku irisgarria edukitzea udal kanpinak, eta ur txorroak edukiko dituen aisialdirako gune bat ere sortzea. Igerilekuak estalkia ere izango du, behar denean itxita erabili ahal izateko, eta hala,  igerileku klimatizatua eskaini ahal izateko erabiltzaileei.

850.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta lau hilabeteko epean burutu beharko dira, aurtengo urrian hasita. Kanpina itxita egon ohi den garaia aprobetxatuko dute, beraz, lan horiek egiteko.

Bakartxo Oliden Turismo zinegotziak (EH Bildu) udalbatzarrean azaldu zuen orain bi agintaldi udal kanpinari "aurreneko bultzada" eman zitzaiola bungalowekin, eta igerileku berriarekin "beste bultzada bat" eman nahi zaio. "Gaur egungo igerilekuak hainbat urte ditu, eta horrekin jarraitu behar bagenu, premiazkoak diren lan asko egin beharko genituzke; bonbak direla, hoditeria... Horrez gain, irisgarritasuna kolokan dauka, eta gaur egungo kokalekua laiotza eta haizetsua da, hezea". Igerileku berriak, berriz, kokaleku hobea edukiko duela azaldu zuen Olidenek, zehaztasun gehiago eman gabe. "Gainera, urtaro zehatzetatik haragoko erabilera eman nahi zaio kanpinari", eta lan horiek erraztu egingo dute helburu hori.

Lurdes Salsamendi EAJko bozeramaleak ere hartu zuen hitza udalbatzarrean. "Udal kanpina herri honetako altxorretako bat da udalari ematen dizkion diru sarrerengatik eta sortzen dituen lanpostuengatik. Horregatik, Bakartxok esan duen bezala, urtaro zehatzetatik haragoko erabilera eman nahi bazaio, oso garrantzitsuak dira lan hauek, eta proiektu honekin lortuko da turismoari, ostatuei dagokienez, hor punta-puntan egotea. Orioko kanpinak fama ona dauka lehendik, eta igerileku berriak askoz erakargarriagoa egingo du".

Ia 1.400 metro koadroko azalera

Instalazio berri horrek 1.380 metro koadroko azalera izango duela aurreikusi dute, gutxi gorabehera. Igerilekuaren eta ur txorroen artean gune librea egongo da; zoladura gogorreko uharte bat izango da igerilekuaren eta jolaslekuaren inguruan eta kanpoko perimetro bat, berdegune osagarriarekin.

Ura tratatzeko sistema bat instalatzea ere aurreikusi dute, gatz elektrolisiaren bidez funtzionatuko duena: ur gaziko igerilekua kontzeptua aipatu zuen udal idazkariak.

Lau hilabeteko obra izango da, urrian hasita, eta horretarako, uztail amaierarako adjudikatuta egon behar luke proiektuak. Pleguari dagokionez, prozedura irekia izango da, eta Europako Batasuneko aldizkari ofizialean argitaratu beharko da. Argitaratu ondoren, 35 egun naturaleko epea egongo da proiektu hau egiteko interesa duten enpresek izena eman dezaten.

Lanak esleitzeko hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan, besteak beste eskaintza ekonomikoa, instalazioen diseinua, ekipamenduaren kalitatea eta funtzionaltasuna, hobekuntzak nahiz lanak egin osteko zerbitzua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!