Ander Agote: "Ikaragarria da taldeak entrenamendu saioetan egiten duen lana"

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 5a, 08:55

Orio Eragineko kadeteek Euskadiko txapelketako lauko finalerako txartela lortu zuten asteburuan. Ander Agote entrenatzaileak azaldu duenez, "helburua baino gehiago, erronka oso zail bat zen finalerako sailkatzea taldearentzat". Maiatzaren 14, 15 eta 16an jokatuko dute azken fasea Kukullaga, Eibar eta Aloña Mendiren aurka.

Gustura dira Orio Eragin Eskubaloia elkarteko kideak Euskadiko txapelketako finalerako sailkatzea lortu eta gero. Hala eman du jakitera Ander Agotek —Zarautz, 1991—. Bera da taldeko entrenatzailea, Gari Garagarzarekin batera. Ostiral, larunbat eta igandean hiru partida jokatu zituzten oriotarrek, eta denetan gailentzea lortu zuten.

"Aurrenekoa San Adrian bizkaitarren aurka jokatu genuen. Ez genuen haien jokatzeko modua ezagutzen, eta gure taldearentzat goi mailako lehen partida izanik, urduri hasi ginen, nahikoa hotz. Dena den, konfiantza hartzen joan eta 14-30 gailentzea lortu genuen", azaldu du Agotek. Bigarren partida, larunbatean jokatutakoa, Eibarren aurka izan zuten, eta entrenatzaileak nabarmendu duenez, Orioko jokalariek "erakustaldia" eman zuten bigarren erdian. "11-27 bukatu zen partida, gure alde. Kristoren defentsa egin behar da eskubaloi partida batean 11 gol bakarrik jasotzeko".

Ostiral eta larunbateko partidak irabazita, finalerako sailkatzea lortu zuten. Hala, jokoan ezer izan gabe ekin zioten igandeko norgehiagokari, eta 22-26 irabazi zioten Urdulizi.

Agoteren hitzetan, denboraldi hasieran urruti ikusten zuten Euskadiko finalerako txartela lortzea; ez zuten helburutzat jo ere. "Azken hiruzpalau urteetan taldeak lan bikaina egin du, eta bagenekien ondo ibiltzeko aukerak izan genitzakeela. Denboraldian zehar emaitza onak izaten ari ginela ikusita, ligaren erdialdera jo genuen begiz finalean sartzeko aukera".

Entrenatzaileak adierazi duenez, "eguneroko lan ikaragarriak" eraman ditu oriotar gazteak duten maila izatera. "Gozamena da haiekin entrenamendu saioak egitea. Dena ematen dute une oro".

Maiatzaren 14 ,14 eta 16an jokatuko dute lauko finala, Kukullaga, Eibar eta Aloña Mendiren aurka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!