UdalHiztek proiektu pilotua garatu dute Orion, teknologien bidez udaletan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 12a, 16:04

UdalHiztek egitasmoaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean Elhuyarrek, Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, urte eta erdiko lanaren ondoren. Aurkezpenean azaldu dutenez, udalen eguneroko lanean efikazian eta efizientzian aurreratzeko erabili nahi dituzte hizkuntza-teknologiak.

Gaur goizean, UdalHiztek proiektuaren lehen emaitzak plazaratu dituzte Orioko udaletxean. Elhuyarrek, Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ondu dute egitasmoa elkarlanean, eta helburu nagusi bat du: hizkuntza-teknologien bidez, udaletako eguneroko funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea. Bide horretan, Orioko Udalak euskara hutsez funtzionatzeko erabili nahi ditu teknologiak, lagungarri gisa, itzulpen-lanak makinen gain utziz. 

Bi hizkuntza ofizialen erabilerak udaletan trabak eragiten dituela iritzita, horri konponbidea emateko helburuarekin abiatu zuten proiektua duela urte eta erdi. Hala azaldu du Jon Abril Elhuyarreko zuzendariak: "Administrazioetan euskaraz eta gaztelaniaz lan egin beharrak buruhausteak sortzen ditu; nahikoa diagnostiko konpartitua da hori. Gehiegizko itzulpen baterako joera batean sartuta gaude, eta horren ondorioz, lan gehigarri asko egiten da. Teknologiak arazo horiek aztertzeko eta hobeto kudeatzeko aukera ematen digu, barne zein kanpo komunikazioei begira".

Proiektua euskarari zentraltasuna emanez garatu dela nabarmendu du Abrilek. «UdalHiztek-ekin euskara erdigunean jarri nahi da eguneroko lanean, sortzeko hizkuntza nagusia izan dadin. Aldi berean, euskaraz ez dakiten langileen beharrak hizkuntza-teknologien bidez asetzen saiatzea da asmoa”.

Bere iritziz, egitasmoa gauzatzeko unea ere aproposa da orain: “Batetik, administrazioko langileen euskara gaitasuna inoizko handiena delako, eta bestetik, lege esparruan ere abagune berriak ireki zaizkiolako euskarari”.

Digitalizazioa eta euskara
UdalHiztek proiektua Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan garatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia den Garbiñe Mendizabalen esanetan, etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko xedearekin dihardute lanean. Aurkezpenean jakitera eman duenez, UdalHiztek-ek desafio bati heltzen dio, eta horri lotutako bi galdera laga ditu airean: gizartea digitalizazio prozesu betean egonda, nola bermatzen eta garatzen da hizkuntza berdintasuna? Nola aprobetxatu daitezke digitalizazioaren aukerak?

Aldundiak egitasmo berriei ateak zabaltzeko gogoa duela gaineratu du Mendizabalek: “Esperimentatzen jarraitu nahi dugu, adimen artifizialak ematen dituen aukerak oso baliagarriak direlako komunikaziorako, eta balio dutelako inor bazterrean ez uzteko hizkuntzaren ikuspegitik”.

Aukerak aurrera begira
Anuska Esnal Orioko alkatea “pozik eta irrikaz” agertu da agerraldian, egitasmoak etorkizunera begira zabal ditzakeen aukerei erreferentzia egin eta gero. “Udalean integraziorako tresna bat bezala ikusten dugu UdalHiztek, dena euskaraz egitea ahalbidetuko digulako, aldi berean, euskaraz ulertzen ez dutenengana ere iritsiz”.

Elhuyarko Itziar Cortesek eta Juanjo Perezek eman diote bukaera aurkezpen ekitaldiari, Orion erabilitako bi teknologien gaineko xehetasunak emanez. Argi utzi dute proiektua ez dela mugatzen teknologia batzuk ezartzera. “Hori azken urratsa da. Aurretik, udalaren egoera soziolingustikoa aztertzen da, langileek euskaraz jarduteko eta idazteko dituzten zailtasunak identifikatzen dira,... Gero, hori hobetzeko hipotesi batzuk planteatu genituen”. Bi lan ildo ezarri zituzten ondoren, hipotesi horien gainean lan egiteko: batetik, udalak eguneroko lanean dituen behar linguistikoekin lotutako irtenbide teknologiko batzuk proposatu zituzten; bestetik, horietan oinarrituta, lan metodologia zehaztu zuten.

Bi teknologia
Orion bi teknologia nagusi erabili dituzte: itzulpen automatikoa eta hizketaren ezagutza. Aurrenekoa, ohiko itzulpenak errazteko erabili da; alde batetik, udaleko langileek edukiak euskaraz sortzeko, eta, beharraren arabera, gaztelaniazko edukiak automatikoki itzultzeko. Horrez gain, orio.eus webgunean ere itzultzaile automatikoa integratu da, euskara hutsean argitaratutako albisteak gaztelaniaz ere irakurri ahal izateko.

Hizketaren ezagutza, aldiz, udalbatzak egiten dituen udalbatzarrak azpititulatzeko erabili den teknologia da. Udalbatzarretako bideoetan eta zuzeneko emankizunetan, euskaraz nahiz gaztelaniaz hitz egiten dutenen ahotsa azpititulatu da, eta itzulpen automatikoarekin itzulpenak egin dira; euskaraz hitz egiten denean gaztelaniazko azpitituluak sortu, eta alderantziz. 

Orioko Udalean erabili den metodologia beste udaletara eta administrazioetara zabaltzea izango da UdalHiztek proiektuaren hurrengo urratsa. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!