Kirol arrantzan ezarri nahi dituzten neurrien aurka protesta egin dute oriotarrek ere

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 16a, 09:14

Getariako uretan elkartu ziren atzo eskualdeko dozenaka kirol arrantza ontzi, eta elkarrekin egin zuten Getaria eta Zarautz arteko joan-etorria. Espainiako Estatuak are gehiago mugatu nahi du kirol arrantza, baina eskualdeko arrantzaleek adierazi dute "zentzurik gabeak" direla proposatu dituen neurri berriak.

Kirol arrantzan aritzen diren Euskal Herriko hainbat elkartek mobilizatzera deitu zuten atzorako, maiatzaren 15erako, Espainiako Estatuan mahaira atera duten Errege Dekretu berriaren aurka protesta egiteko. Dekretu horren bidez are gehiago mugatu nahi dute kirol arrantza; besteak beste, arrantzaleek harrapa dezaketen bisigu, atun eta hegaluze kopurua murriztuta nahiz kirol arrantzan jarduteko modu baimendua urrituta. Esaterako, dekretuan proposatzen da ontzi txikiek ez izatea kirol arrantzan aritzeko baimenik, eta lurretik edo ontzi handiagoetan soilik egin ahal izatea.

Duela hamar egunera arte egon da zabalik Errege Dekretu proposamen horri helegiteak aurkezteko epea, eta Urola Kostako kirol arrantzaleek azaldu dute jarri dituztela hainbat helegite. Haien esanetan, “zentzurik gabeak” dira dekretuak jasotzen dituen neurri berriak. Azpimarra egin diete, batez ere, ontzi txikiei ezarriko lieketen debekuari eta legez harrapatu ahal izango litzatekeen arrain kopuru mugatuari. Esan dute, gainera, arrantza profesionalean %12,5 igo dutela baimendutako kopurua. Asteburu honetarako mobilizatzera deitzean, Euskal Herriko kirol arrantzaleek salatu izan dute “debekatu” egin nahi dutela irabazi asmorik gabeko arrantza.

Atzokoa, beraz, mobilizazio eguna izan zen kirol arrantzan aritzen direnentzat. Euskal Herriko zenbait kostatan uretaratu eta elkartu ziren hainbat eta hainbat ontzi, hala nola, Getarian. 18:00etan Getariako uretatik hasita, eskualdeko kirol arrantzaleek elkarrekin egin zuten Getaria eta Zarautz arteko joan-etorria, tartean ziren oriotarrak ere. Ontziak hartuta eta turuta doinu artean, dekretuaren aurkako aldarria zabaldu zuten kostan barrena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!