Talai Mendi Trail, maila guztietako mendi korrikalarientzat

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 18a, 11:56
Berrikuntza gisa, Talai Mendi Trail lasterketa antolatuko dute aurten Kukuarri Astearen barruan .Datorren igandean izango da, eta 14 kilometroko ibilbidea izango du

Iaz itxialdi agindua zela-eta bertan behera utzi ondoren, aurten Kukuarri Astea antolatzea erabaki du Talai Mendi elkarteak. Dena dela, ez du ohiko egitaraua izango Orioko mendi asteak, izurritearen aurkako protokoloa tarteko zenbait jarduera ezin izan dituztelako antolatu, besteak beste, elizako paretan egiten den eskalada saioa.

Jarduera batzuk egingo ez badira ere, berrikuntzak izango ditu ekimenak, aurten lehen aldiz Talai Mendi Trail mendi lasterketa egingo delako maiatzaren 23an, datorren igandean, Kukuarri Astearen barruan. Orain arte Orioko Herri Ikastolak antolatu izan du Orioko Mendi Lasterketa, baina aurten ez antolatzea erabaki zuenez, Talai Mendi elkarteak hartu du lekukoa. Antolatzaileak oso gustura dira lasterketak izan duen erantzunarekin, izen-emate epea zabaldu eta ordu gutxira agortu zirelako dortsalak.

14 kilometroko ibilbidea
Mendi elkarteko presidente Bittor Andresek urteetan antolatu izan du Orioko Mendi Lasterketa Ikastolarekin, eta aurten antolatuko ez zela ikusita, Talai Mendik antolatzea polita izango zela iruditu zitzaien elkarteko kideei.

Elkarteko lehendakariak ondo ezagutzen du mota horretako kirol proba antolatzeak atzetik duen lana, eta horregatik aurreko mendi lasterketekin alderatuta, aurtengoak hainbat aldaketa izango dituela aitortu du.
Alde batetik, Talai Mendi Trail lasterketak 14 kilometro inguruko ibilbide bakarra izango du. "Ikastolak bi ibilbideko mendi lasterketa antolatzen zuen; bata 22 kilometrotakoa 1.100 metroko desnibel positiboarekin, eta bestea 11 kilometrotakoa 500 metroko desnibelarekin. Horrek antolaketa lan handia eskatzen zuen, sasiak hartuta zeuden bidezidor asko garbitu behar izaten genituelako lasterketa aurreko asteetan". Lan hori ekidite aldera, ibilbide bakarra izango du Talai Mendi Trailek: 14 kilometro izango ditu eta 600 metroko desnibela. Gainera, mendi lasterkariek entrenatzeko erabiltzen dituzten bidezidorrak baliatu dituzte lasterketako ibilbidea diseinatzeko eta horrek antolaketa lana ere erraztu die.

Bestetik, aurtengo ibilbidea maila guztietako mendi korrikalarientzat egokia izango dela uste du Talai Mendiko lehendakariak. «22 kilometroko lasterketak errespetua ematen zion korrikalari askori, baina uste dugu 14 kilometrokoa egokia eta polita izango dela maila guztietako korrikalarientzat. Behin ibilbidea ezagututakoan, iruditzen zaigu datozen urteetan korrikalari hasiberri gehiago animatuko direla lasterketan parte hartzera", azaldu du Andres antolatzaileak.

Kukuarri Astea
Maiatzak 22, larunbata
- 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Mendi lasterketako dortsalen banaketa plazan.
- 18:30ean. Iker Karrera korrikalariaren Bidea ipar liburuaren aurkezpena Arraunetxen. Aurretik Dani Sagastumek egindako dokumental laburra proiektatuko dute. Gonbita beharrezkoa da solasaldian parte hartu ahal izateko.
Maiatzak 23, igandea
- 09:30ean hasita, Talai Mendi Trail lasterketa.
Maiatzak 26, asteazkena
- 17:00etatik 19:00etara. Slackline Munto eremuko parkean (Tirolinako parkea).
Maiatzak 28, ostirala
-19:00etan hasita, Mendi Film emanaldia Arraunetxen. Honako film hauek emango dituzte: Aterpean Ateri, The WURL eta Into the Canyon.
Oharra: Emanaldiko gonbitak gaurtik aurrera egongo dira eskuragarri kultur etxean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!