Moda diseinuaren sekretuak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 20a, 09:14

Jon Alkain eta Goiuri Unanue moda diseinatzaileek erakusketa ireki dute Orioko Kultur Etxean, lanbidea ezagutarazteko; ikasleekin saio bereziak egiten ari dira.

Moda diseinuek hartu dute Orioko Kultur Etxeko areto nagusia, Goiuri Unanue eta Jon Alkain diseinatzaile oriotarrek erakusketa jarri baitute beren lana ezagutarazteko, Orioko Herri Ikastolak antolatuta. Zabalik izango da bihar arte, eta bertaratzen direnek jantzien sorkuntza prozesuak atzean duen lana pausoz pauso ezagutzeko aukera izango dute. «Erakusketan gure lanak erakusteaz gain, azken emaitza lortzeko jarraitu beharreko urratsak azaldu nahi izan ditugu: diseinatu aurretiko ideia bilketa, diseinatzerako orduan kontuan hartu behar diren xehetasunak, patroigintza, prototipoak eta azken emaitzak, besteak beste», azaldu du Goiuri Unanuek.

Gainera, Ikastolako ikasleentzat saio bereziak eskaintzen ari dira bi diseinatzaileak goizetan, eta oso gustura daude haurren erantzunarekin. «Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da guretzat. Haurrak oso jarrera ona erakusten ari dira eta jakin-mina dutela nabari da. Iruditzen zaigu geuk, haurrak ginenean, erakusketaren batera joaten baginen ez genituela galderak egiten askotan lotsatu egiten ginelako, baina gaur egungo haurrek galdera asko egiten dizkigute, eta oso interesgarriak, gainera», dio Alkainek.

Ikasleek adi-adi jarraitzen dituzte bi diseinatzaileen azalpenak, eta hainbat kontuk atentzioa eman diete. Alde batetik, «ez dute imajinatzen jantzi bat egiteko horren prozesu luzea jarraitu behar denik», azaldu du Unanuek. Bestetik, haurrak ohartzen dira erakusketan ikusgai jarri dituzten jantziak nahiko bitxiak direla, eta horren arrazoia jakin nahi izaten dute. Hala, diseinatzaileek azaldu diete ikusgai jarri dituzten pieza asko moda desfileetarako pentsatuak daudela, eta horietan diseinatzaileak saiatzen direla egin dezaketen onena erakusten. «Horregatik, irudimena eta teknika erakustea oso garrantzitsua izaten da moda desfileetan. Hala ere, kalerako arropa sortzen dugunean ez da horren bitxia izaten», adierazi dute.

Moda diseinua aukera gisa
Unanuek eta Alkainek aitortu dute haurrak zirenean ezer gutxi zekitela moda diseinuaren gainean, eta garrantzitsua iruditzen zaie gaztetxoek ikustea beraiek ere irits daitezkeela moda diseinatzaile izatera. «Niri haurra nintzenetik gustatu izan zait moda, baina ez nuen moda diseinatzailerik ezagutzen. DBH 4. mailan edo Batxilergoan jakin nuen moda diseinuko ikasketak bazeudela. Bartzelonara joan nintzen moda diseinua ikastera, baina ez nuen erreferenterik inguruan. Horregatik, garrantzitsua da herriko haurrek moda diseinatzaile izateko aukera badutela ikustea», azaldu du Unanuek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!